BILBO. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta streaming bidez emitituko da zuzenean, http://ehutb.ehu.eus/1katea katean.

EHUk jakinarazi duenez, Brian L. Bayne irakasle eta ikertzaile britainiar bikainaren lanak oihartzun zabala izan du mundu osoan azken 40 urteetan, itsas organismoen fisiologia eta ekologiari lotutako gaietan. 150 lan zientifiko argitaratu ditu eta hedapen zabala izan duten liburuak idatzi eta editatu ditu. Bere lanak komunitate zientifikoan duen eraginari dagokion H indizea 60tik gorakoa da.

Bayne irakaslearen curriculumaren alderdi nabarmenetako bat kudeaketa lanerako duen gaitasuna da, eta itsas ikerkuntzari lotutako Erresuma Batuko erakunde garrantzitsuenetan aritu da arduradun lanetan. Itsas kutsaduraren arloan egin dituen lan zientifikoek eta bere institutuan arazo hauek aztertzeko diziplina anitzeko nazioarteko talde bat eratzeak aukera ugari sortu dituzte EHUko taldeen prestakuntza eta lankidetzarako, bereziki Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko "Zelulen Biologia ingurumen toxikologian" taldearentzat.

"1985ean II. Euskal Mundu Biltzarrak gonbidatutako txostengile gisa EHUn lehen aldiz etorri zenetik, Bayne irakasleak harreman estua izan du gure unibertsitatearekin, eta bilera zientifikoetan parte hartu, txostenak aurkeztu eta tesi epaimahaietan zuzendari lanak egin ditu, lankidetza espiritu zabal batek bultzaturik beti", azaldu du EHUk.

Bestalde, iaz guztira 208 emakumek eta 271 gizonek irakurri zuten tesia EHUn; beraz, 479 tesi burutu ziren. Halaber, 2011/12 ikasturteko doktoregoko 34 sari bereziak ere emango dira ostiraleko ekitaldian; sari hauek, nazioarte mailan izan duten garrantziagatik, zientziari egin dioten ekarpenagatik eta era adierazgarrian jakintza berriaren sorreran lagundu izanagatik nabarmendu diren tesiei ematen zaizkie.