BILBO. Ordezkaritza hori Kriminologia Graduko hogeita hamar ikaslek eta irakasle batek osatzen dute. Ekimena biribiltzeko, Gipuzkoako arma-enpresa batzuk bisitatuko dituzte, besteak beste, azterketa balistikoetarako instalazioak ezagutzeko.
Murtziako Unibertsitateak jarduerak (erakunde, polizia-etxe eta enpresei bisitak) antolatu ohi ditu graduko prestakuntza osatzeko eta ekimen hau jardueron esparruan sartzen da. Halaber, ekimena bat dator Ertzaintzak bere jarduerak hedatzeko eta bere gizarte-inguruneko esparru guztietan harremanak sendotzeko egiten duen lanarekin.
Asteartean hasi zen hiru eguneko bisita honetan, unibertsitateko ordezkaritzak zehatz-mehatz ezagutu ahal izan ditu Ertzaintzaren egitura eta antolamendua, lan-sistemak, baliabideak eta eskumenak: hala, Erandioko Egoitza Zentralean, Polizia Zientifikoaren Unitatearen instalazioak bisitatu dituzte, lofoskopiako, dokumentoskopiako, balistikako, DNA aztertzeko eta begi-ikuskapenerako laborategiak barne; Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroan, ikasi dute nola koordinatzen diren polizia-baliabideak zerbitzuan zehar; azkenik, Iurretako Laguntza Taktikoko Buruzagitzan, aukera izan dute Brigada Mugikorraren Unitatea eta Zaintza eta Erreskateko eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak ikusteko.
Bisita biribiltzeko, ordezkaritzak Gipuzkoako zenbait arma-enpresa bisitatuko ditu; han, etorkizuneko kriminologia-adituek azterketa balistikoarekin eta su-armen erabilerarekin zerikusia duten zenbait alderdi ezagutuko dituzte.
Puntako erakundea
Murtziako Unibertsitatea puntako erakundea da estatu-mailan kriminologia-ikasketei dagokienez: 90eko hamarkadan abiarazi ziren eta finkatutako tradizioa da urtero bidai bat antolatzea ikasleek polizia-erakundeen antolaera eta lan-moldeak ezagutu ditzaten. Oraingoan, Ertzaintza aukeratu dute bisitarako.