gabiria - Larunbatean, bertsolari gazteen Osinalde saria jokatu zuten Gabirian. Eñaut Martikorena hernaniarra nagusitu zen. Publikoaren saria ere berak irabazi zuen. Bigarren saria Eneritz Artetxe azkoitiarrak irabazi zuen eta bertso onenari dagokiona Gemma Urteaga beasaindarrak.

Aipatutako hiru bertsolariekin batera, Amasa-Villabonako Oihana Iguaran, Azpeitiako Jon Gurrutxaga eta Aramaioko Xabi Igoa aritu ziren. Gai jartzaile lanetan Eñaut Asurabarrena aritu zen. Koplatan jarduteko, bertsolariek Asier Bidegain eta Julen Zabaluaren laguntza izan zuten.

Afarian 113 lagun elkartu ziren. Afalostean jende gehiago hurbildu zen, bertso saioaz gozatzera. Entzuleen artean, aurreko urteetako irabazleak eta bertsolari ezagunak egon ziren. Osinalde elkartekoak datorren urteko lehiaketa prestatzen ari dira jada. Urteroko moduan, hiru kanporaketa eta finala jokatuko dira. - A.Z.