BILBO. Horrela, apirilaren 20an, Unai Elorriaga idazlea Brnoko unibertsitateko ikasleekin arituko da iazko Mintzaneteko edizioa itxiz, eta hilaren 24an, aldiz, Pio Perezek Moskuko ikasleekin egingo du elkarrizketa euskal kultura ardatz hartuta, edizio berriari hasiera emanaz, Ainhoa Ayerbe irakurlearen gidaritzapean.
Mintzanet egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, aurtengo edizio berrian, sortzaileek euskalgintzarekin lotutako arlo ezberdinak landuko dituzte, eta honakoak izango dira protagonistak, besteak beste: Eider Rodriguez, Ur Apalategi edota Ludger Mees.
Etxepare Institutuak mundu osoko unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kulturako irakurletzetan eskaintzen duen prestakuntza aberastea eta euskal kulturari buruzko ezagutza areagotzea dira egitasmoaren xede nagusiak. Internet bidez euskaraz mintzatzeko aukera eskaintzeko asmoz sortutako Mintzanet plataformaren bitartez gauzatuko da ekimena, iazko programaren arrakasta ikusita.
Mintzanet egitasmoaren helburua euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsona orori euskara praktikatzeko modua doan ematea da, edonon daudela ere. Maramara taldeak kudeatzen du proiektua eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa dauka.