Hedabideek ekonomia eta lan mundutik iluntasuna eta ezkortasuna helarazten diguten bitartean, guk, aurten, gure gizarteko langile ausartetan finkatu dugu begirada. Batzuk ilusio handiz hasiberriak, beste batzuk urteak daramatzate, jo eta su, haien negozioan aurrera eginez; eta guztiak, zalantzarik gabe, gure gizartearen oinarrizko pieza bilakatu dira.
Lizarra Ikastolak, berrogei urte baino gehiagoko ibilbide zabalean, haien kontura lan egiten jardun duten langile aunitz eskaini ditu gizartera. Norberaren maisu eta morroi izatea ez da lan makala, negozioan beti erne eta tinko egotera behartzen baititu.
Lizarra Ikastolan pasa dute haur-tzaroa. Hemen jolastu dute baloi baten atzetik arnasa berotu arte, hemen ikusi dute, behin eta berriz, Benito otsoak nola jaten duen Txanogorritxuren amona, eta hemen ikasi dute, aldi berean, bi katetoen berreketen batura hipotenusaren berreketaren adinakoa dela. Batzuen kasuan aspaldiko kontuak izango dira, lehen ikasle ohiek esaterako, beste batzuk gertuago izango dituzte egun hauek. Gaur, lanean jarduten duten profesionalak dira. Hamaika ogibide ezberdinetan ari dira gure geletatik pasa diren ikasle ohiak: igeltseroak, zinemagileak, nekazariak, idazleak, elektrizistak, lorezainak, topografoak eta hainbat profesional gehiago.
Zenbaitentzat ogibidea familiaren pausuen jarraipena izan da. Honen adibide ditugu: Xabier, Nikol eta Mario Amezketa anaiak Naer enpresarekin aurrera jarraitzen dutelarik; Lurdes Madrazo, Batzoki tabernan ardoak zerbitzatuz; Bittor Napal, Ángela gozotegian eskuak esne-gainez zikinduz; Ricardo Valencia, paretak kolorez jantziz Pinturas del Norte enpresan; Jesús Velasco, Azanza patxarana munduari eskainiz; Mikel eta José A. Villanueva, eraikinak eta margoak bat eginez; Aitor eta Nerea Zalduendo anai-arrebak, Gurbindo autobusen bolantea hartuz; Borja Crespo, ikatza eta egurra uztartuz; Ander Corres, ateak eta zura landuz edota Izar eta Unai Bakaikoa anai-arrebak, Marmoles Bakaikoa enpresan marmolari etekina atereaz.
Beste askok, Lizarra Ikastolako urteak igaro ondoren, ikasketa ezberdinak egin zituzten gerora ikasketa horiekin lotuta dagoen negozio bati hasiera emanez: Marina Berraondo, eztularen kontrako pilulak farmazian salduz; Diego Echeverria, Foto Lizarra dendan argazkiak enkoadratuz; Maite Dufur, kirolariei zuzendutako fisioterapia eskainiz; Patxi Keralt, automobilen neumatikoak zainduz; Iratxe Pérez, Simetria enpresan ikus-entzunezko istorioak editatuz; Noelia Araya, polikiroldegian masajeak emanez; Ander Solano, kartel eta irudietan sormenari askatasuna emanez; Bingen Loinaz, Loinaz Topografía eta Encasa enpresetan dependen-tzia zailtasunak dituztenei erraztasunak emanez edo Cristina Vergara, logoak, irudi korporatiboak eta kartelak diseinatuz.
Egindako ikasketekin zerikusirik ez duten negozioetan murgildu dira, ezerezetik abiatuta, gogoz eta ilusioz beterik: Iban Albizu, lurrin-denda bat zabaldu duelarik; edo Josema Azkona eta Raul San Martín pladur enpresa banaren buru; Gorka Erasok egurrezko egiturak egiten dituen enpresa du; Iñaki Aguirrek Landare loradendan, Antsoainen, lore-sorta koloretsuak prestatzen ditu.
Bada ere, horren ohikoak ez diren ogibidetan aritzen diren ikasle ohiak. María Castejón, esaterako, Historian doktoratua, emakumearen papera ikus-entzunezko adierazpenetan aztertzen jarduten du estuki. Mikel Zabalak betidanik izan du kirolaren grina zainetan. Bizikletan ibiltzea zaletasuna baino gehiago bilakatu zen, Granadako Unibertsitateko irakaslea da, eta eliteko kirolariak entrenatzen ditu. Pablo Urrizelkiren istorioa ere berezia da. Lizarrako pilotaria, etorkizun handiko eskuinkada borti-tza zuela zioten adituek. Baina, patuak beste egitasmo bat gorde zuen berarentzat. Eskuetako gaixotasun konponezin batek, frontoietatik aldendu eta beste ogibide bat eskaini zion: artzaina eta gaztagilea, hain zuzen ere.
Izadiari eta lurrari lotuta dauden beste hainbat ikasle ditugu: Mikel eta Maider Antona anai-arrebek nekazaritza ekologikoan jarduten dute; Adrian Abaigarrek, hegazti-abeletxe bat jarri du martxan; Izaskun Crespo lorezaintzan aritu da, Jorge Ekaik abeltzaintzari eskaintzen dizkio bere orduak; Urbasako leizeetan barna txangoak antolatzen ditu Ander Ruizek. Esther Ramajok lore ekoizpenean egutegiaren onurak ikusi ditu; Ruben Garcia, Aberinen, nekazaritzan aritzen da; eta Maite Undiano ere, barazki ekologien munduan sartu zen duela urte batzuk.
Itxura aldaketa eman nahi baduzu, gure ikastolatik pasa diren ikasle ohi baten ile-apaindegitik pasa eta euren guraizetan izan konfiantza:Eguzkiñe Adrian, Elena Sucunza, Maialen Aramendia, Nuria Ayucar, Ana Azcona eta Iratxe Soravilla. Azken honen kasuan toki fisiko batean lan egin beharrean, ile-apaindegi ibiltaria sortu du.
Eva Oroquietak, Gothyka dendan dihardu buru-belarri azkeneko jantzi modernoak salduz. Charo eta Koldo Cagigal anai-arrebak, aldiz, Cosmik dendaren jabeak dira, bertan, denboraldiko arropa ikusgarria zintzilik.
Erakusamahai baten atzean beste asko topatzeko aukera dugu. Xabier Garcia eta Ruben Villarrek harategi batean lan egiten dute; Maite Aizpunek bitxi-denda bat ireki du Garesen; Olga Landak produktu ekologikoen dastalekua zabaldu berri du Santiago enparantzan; Beatriz Leorzak tinta eta berziklapen produktuak eskaintzen ditu; Sara Trebol Araiz mertzerian aurkituko dugu; Gorka Ruiz, Florida tabernako maisua da; eta Xabier Zabaleta, kafe-dastaleku batez arduratzen da.
Beste lanbide batzuetan aritzen dira Mikel Amatria margolaria; Asier Apestegia musika nonahi jarriz; Jon Barbarin antzerki eta ikuskizunak sortu eta taularatuz; Ricardo Galdeano erregaiak eta butanoa salduz; Eneko Mayo Talleres El Cubanon automobilak konponduz; Amaia Romero Scherzo musika eskolaren zuzendaritza eramanez; Javier Zabalak aseguru-artekaritza bat darama aurrera; Xabier Udi igeltseroa da; Carlos Mazzucco iturgina eta Pablo Valentín mekanikaria, besteak beste.