BILBO. Aurreikusi dutenez, apirilaren 1aren eta 6aren artean, Aste Santuarekin batera, euskal errepideetan % 3,25 haziko dira ibilbide luzeko joan-etorriak, irteera- eta itzulera-operazioak direla medio. Ertzaintzaren berrehun agentek kontrolatuko dituzte bide nagusiak, zirkulazioa arina izan dadin.
«Zirkulazioa hazten denean, betiere, hazi egiten da istripu bat izateko arriskua ere. Horregatik, oinarri-oinarrizkoa da Aste Santu honetan eraman handiz jokatzea gure joan-etorrietan eta kontuan izatea non eta noiz sor daitezkeen unean-uneko auto-ilarak»? baieztatu du Garbiñe Sáez Molinuevok.
Iazko Aste Santuko intentsitate-datuak aztertu ondoren, kalkulatu da honako hiru puntu hautan erregistratuko dela zirkulazio-intentsitate handia: A-8 errepidean, Kantabriako mugan; AP-8 errepidean, Biriatuko ordainlekuan; eta Armiñongo lotunean, AP-1 errepidea A-1 errepidearekin lotzen den gunean. Aurten, gainera, Eskoriatza eta Luko artean luizien ondorioz ezarritako bypass-a hartu behar da kontutan, bai eta, berebat, N-1ean lanak egiten ari direla.
Kantabriarako noranzkoan, zirkulazio intentsitate handia erregistratu ohi da asteazkenean, Ostegun Santuaren bezperan, arratsalde partean ?15:00ak eta 21:00ak bitartean?, eta Ostegun Santuaren goizean ?09:00ak eta 14:30ak artean?. Bilbora itzulera Pazko-astelehenean izan ohi da, 13:00ak eta 21:00ak bitartean, baina azken urteotan ez da auto-ilara luzerik sortu Bizkaialdean.
AP-8 errepidean egun korapilatsua izaten da Ostegun Santua, goiz osoan zehar, Biriatouko ordainlekuan (Frantziako noranzkoan). Iaz, auto-ilara luzeak sortu ziren ?13 km-rainokoak?, AP-8ko Iruneko ordainlekua gainditu ere arte.
Azkenik, baliteke Armiñóngo lotunean unean-uneko auto-ilarak sortzea, A-1 errepidetik AP-1 errepidera doan sarbidean, hiru bidetik bide bakarrera pasatzen delako. Asteazkeneko 15:00etatik 20:00etara eta Ostegun Santuko 08:00etatik 14:30era izaten dira zirkulazio-dentsitatetik handienak. Itzulera Pazko-asteleheneko arratsalde partean pilatu ohi da, baina normalean ez da auto-ilara nabarmenik sortzen, Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, seinaleztapen-dispositibo berezia antolatzen baitu.
Azken bi urteotan (2013 eta 2014), eta Pazko-astelehenean autoak itzultzearekin batera, zenbait ilara erregistratu dira ?2 km-koak gutxi gorabehera? AP-68 errepidean, Aretako ordainlekuan, Bilboko noranzkoan.
ISTRIPU TASEN-BILAKAERA
Istripu-tasei dagokienez, Trafikoko zuzendariak nabarmendu du Aste Santuan ere mantendu dela beheranzko joera orokorra azken urteotan. Horrenbestez, 2012an bi hildako egon baziren (Araban) eta 123 istripu guztira, 2013an eta 2014an ez zen hildakorik egon eta Aste Santuan gertatutako istripuen kopurua 107 eta 100 izatera jaitsi zen, hurrenez hurren.
«Apirilaren 7an aurkeztuko ditugun zifrak gaurkoak bezain onak izatea nahi dugu ?adierazi du Garbiñe Sáez Molinuevok? eta, horregatik, zentzuz eta zuhurtasunez jokatzera deitzen dugu Trafiko Zuzendaritzatik. Izan dezagun gogoan garrantzitsuena ez dela azkar iristea, onik iristea baizik».
DROGEN ERAGINPEAN GIDATZEA
Martxo honetan bertan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 2014an zehar egindako alkohol- eta droga-kontrolei buruzko datuak aurkeztu zituen. Datuok aditzera ematen dutenez, oso altua da droga kontsumoak emandako positibo kopurua, alkohol kontsumoak sortutakoaren aldean. Zentzu horretan, eta beste neurri batzuen artean, Trafikok irrati-iragarkien bidezko kontzientziazio-kanpaina bat aurkeztu du.