pasa den igandean igaro zen Korrika eskualdeko herrietatik eta oriotarrek ere ez zuten hutsik egin. Herritar ugari batu zen euskararen aldeko lasterketara eta giro paregabea izan zen. Baina oriotarrek lasterka jarraitu eta euskara lau hazietara zabaltzeko asmoa dute eta horretarako beta izango dute datorren larunbatean. Orioko Curriculum elkarteak proposatuta, bizilagunez betetako autobus bat joango da Agurainera (Araba), hango euskaltzaleekin Korrikan parte hartzera. Udalak bere gain hartu du autobusaren kostua eta kamiseta hori bana emango dio ekimenean parte hartzen duen korrikazale bakoitzari. Guztia, hiru euroren truke. Autobusa 7.15ean aterako da Orioko autobus geltokitik eta izena emateko aukera zabalik da oraindik kiroldegian edo kultur etxean. Bihar da apuntatzeko azken eguna eta autobus bakarra izango denez, plaza-kopurua mugatuta dago.
euskararen birika Antolatzaileek nabarmendu bezala, “arnasguneak dira euskararen birika”. Hori da UEMAk azken aldian zabaldu nahi duen mezua eta Orioko Udalak ere mezu hori hedatu nahi du oriotarren artean. Alegia, arnasguneetan bizi diren euskaldunek badutela eran-tzukizuna, baita ere, herritik kanpo, euskararen erabilera bultzatzen. Mezu hori zabaltzen laguntzeko helburua du Zabaldu arnasa korrika. Oriotik Agurainera ekimenak. Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren barruan antolatu dute Orioko Curriculuma elkarteak, Korrika batzordeak eta Udalak, elkar lanean ekimena eta mezu baikorra zabaldu nahi dute: “Euskaraz bizitzea erraza eta normala da Orion. Gozamena da herrian nonahi eta noiznahi euskaraz barra-barra aritu ahal izatea; baina Orioko euskahaldunon ustez, gozamena ez ezik, ardura ere bada euskararen arnasgune izatea: birika gisa egin behar dugu lan, eta Euskal Herri osoari ekarpenen bat egiten saiatu. Gure helburua ez da bakarrik Orion euskara indartzea eta herrian euskararen geroa ziurtatzea. Iruditzen zaigu harago doala gure zeregina”. Hala, Agurainera oriotarren kamiseta horiak jan-tzita, Lautadako euskaltzaleen arnasari beraiena gehituko diote.