BILBO. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 16.663,4 milioi euro gastatu ziren gizarte babesaren baliabideetan 2013an, hau da, aurreko urtean baino %1,9 gehiago, Gizarte Babesaren Estatistika Integratuen Europar Sistema (SEEPROS) jarraituz. 2013ko BPGren %25,22 izan zen gastu hori, 2008an baino %5,4 gehiago, Eustaten datuen arabera.
Urte serie eskuragarrian gizarte babesaren gastua etengabe hazi da EAEn: 2008. urtean biztanleko 6.402 euro ziren, eta 2013an, aldiz, 7.658 euro, ia %20 gehiago. Administrazio gastuak kendutako gizarte prestazioen balioa 16.375,3 milioi euro izan zen 2013an, hots, %2,0ko hazkundea.
Prestazio gastuari funtzioen arabera begiratuz gero, zahartzaroak -pentsioak, ostatua eta etxeko artatzea barne hartzen dituenak- izan zuen gasturik handiena, 6.738 milioi euro 2013an, %3,7ko hazkundea izanik 2011n eta 2012an, eta %4,3koa 2013an.
Gaixotasunak-osasun arreta funtzioaren gastua, bigarrena gastu bolumenean, 4.103 milioi euro izan zen 2013an, 2012an baino %5,0 gutxiago eta 2013an baino %1,1 gutxiago. Behin betiko azken datuak 2012koak dira, eta horien arabera jaitsiera izan zen aldi baterako ezintasun prestazioak eskudirutan %18,3 murriztu zirelako eta prestazio farmazeutikoak %7,6.
Langabezia funtzioaren gastuaren -langabezia prestazioak, enplegu sustatzea eta prestakuntza- bilakaera irregularragoa da: 2009an %59,3ko igoera, eta 2010ean %3,4koa; 2011n %4,1 jaitsiera izan zen, eta 2012an %10,0ko igoera; 2013an, azkenik, %4,4ko hazkundea izan zen.
Gizarte prestazioetako gastu gehiena bi funtziotan oinarritu zen: zahartzaroan, 6.458,5 milioi euro 2012an (behin betiko datuak), prestazio guztien %40,2, eta gaixotasunak-osasun arretan, 4.150,8 milioi euro 2012an (%25,9). Bien artean gastuaren %66,1 hartu zuten.
Ondoren langabezia kokatu zen, gastuaren %11,1ekin, eta jarraian etxebizitza eta gizarte Bazterkeriaren prestazio gastua, 558,6 milioi eurorekin, guztiaren %3,5 izanik.
ADMINISTRAZIOAK
Gizarte prestazioetan gastua duten erakunde unitateei dagokienez, eskumena duten administrazio publikoek egindakoaren %60,6 izan zen 2012an, aurreko urtean baino %3,1 gehiago; Gizarte Segurantzako Sisteman eta Estatuaren Administrazioan egiten da, eta hazkundea Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak pentsio eta prestazioetan eginiko gastuari (%2,9) zor izan zitzaion.
Euskal administrazioek eginiko gastua 5.175,5 milioi euro (%31,7) izan zen 2012an, 2011n baino %1,2 gutxiago. Euskal administrazioak taldearen barruan gizarte zerbitzuen sistema publikoa dago, Eusko Jaurlaritzarena: Lanbide, foru aldundiak eta tokiko administrazioak. Gastua 1.784,8 milioi euro izan ziren 2011n eta 1.807,3 milioi (%1,3) 2012an. Euskal administrazioen gastuaren barruan osasun sistema publikoarena dago: 3.428,5 milioi 2011n eta 3.344,9 milioi (%-2,4) 2012an.
Azkenik, adierazle nagusiei begiratuz gero, Eurostatek argitaratutako azken datuekin, EAEko gizarte babesaren biztanleko gastua 2012an, Erosteko Ahalmenaren Parekotasunean, 7.940 euro izan zen, hau da, 27-EBko batez bestekoaren gainetik 2009tik, eta Espainiako batez bestekoaren (6.027 euro) oso gainetik.