BILBO. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevo eta Ertzaintzako Trafikoko buruzagi nagusi Iñigo Ibarra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariekin bildu dira gaur, bideetako arrisku faktoreak ikuskatzeko eta kontrolatzeko egutegia aurkezteko. 2015ean abiaraziko dituzten zirkulazioko 48 kanpainaz osatuta dago egutegia.

Agenteek gauzatzen dituzten zirkulazioko kanpainen planifikazioa eta koordinazioa Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzaren eskumenekoak dira, eta errepideetako segurtasuna handitzea eta zirkulazio istripuetako biktimen kopurua txikitzea dute helburu.

Sáez Molinuevoren ustez, sareko lana ezinbestekoa da, hau da, errepideetan prebentzioa eta segurtasun handiagoa lortzeko koordinatuta lan egitea. "Lankidetzaren eta elkarlanaren bidez soilik lortuko dugu EAEko errepideetako eta kaleetako istripu kopuruari buruzko datuak hobetzea", esan du.

Horrenbestez, helburuok lortzeko, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak hainbat lankidetza baliabide prestatu ditu, besteak beste, lan mahaiak, udaltzaingoak koordinatzeko batzordeak, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko koordinazio batzordeak eta udaltzaingoen ataria.

Batzorde horiek "oso erabilgarriak" dira Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko komunikazio arazoak ekiditeko, koordinazioa hobetzeko eta errazteko eta informazioa trukatzeko eta, hala, bide segurtasuna hobetzeko.

Ikerketen eta estatistikako datuen arabera, istripuak ez dira kausa bakarraren ondorio, eta hainbat faktorek eragiten dituzte, esaterako, deskuiduek, abiadura desegokiak, nekeak, ibilgailua baldintza txarretan egoteak eta alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeak.

Horregatik, errepideetako arrisku faktoreak ikuskatzeko eta kontrolatzeko egutegian ezarritako datetan, arrisku faktore horiek zainduko dituzte bereziki polizia taldeek elkarrekin. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak proposatutako kanpainez gain, udalerriek beste batzuk ere antolatu ahalko dituzte.

IAZ 35 KANPAINA

Joan den urtean ikuskaritza eta kontroleko 35 kanpaina egin ziren: bost deskuiduen kontra, bost abiadurari buruz, bi harrapaketei buruz, lau alkoholaren eta drogen inguruan, bi ibilgailuen egoera teknikoen inguruan, hiru txirrindulari eta motoristei zuzenduak, bi eskolako autobusen segurtasun gailuei buruz, lau ibilgailu partikularren segurtasun gailuei buruz eta zortzi salgaien eta pertsonen garraioaz. Guztira, 17.807 kontrol egin ziren eta 307.646 laguni egin zitzaien probaren bat; horietan 11.068 arau hauste hauteman ziren (%3,6).

2015ean, aldiz, txirrindularien eta auto gidarien kontrolari emango zaio garrantzia, baita bi talde horien arteko harremanari ere. Bigarren mailako errepideen ikuskaritza eta salgaien pisatzea ere hartuko dira kontuan.

Istripuei buruzko adierazle guztiek beheranzko joera izan dute Euskadin 2001etik, "EAEko erakunde guztien elkarlanari esker", Sáez Molinuevoren hitzetan. "Azken urteetako datuak positiboak dira, baina zifra positibo horiei eusteko era koordinatuan lanean jarraitu behar dugu. Bide segurtasuneko Ertzaintzaren eta udaltzaingoen elkarlanaz gain, auto gidariek, txirrindulariek eta oinezkoek jarrera egokiaz eta arduraz ibili behar dute. Zuhurtzia, arreta eta ardura funtsezkoak dira behar bezala zirkulatzeko eta biktimak saihesteko", azaldu du.