BILBO. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko osasun sistemako pertsonen eskubide eta betebeharrei buruzko adierazpenaren proposamena aurkeztu du. Euskadiko osasun sistemari dagokionez herritarrek dituzten eskubide eta betebehar guztiak biltzen dituzten arauen edukia eta irismena elkartzen, argitzen eta eguneratzen ditu proposamenak, "euskal osasun sistemaren oinarria diren unibertsaltasun, elkartasun, ekitate, zerbitzuen kalitate eta parte hartzeko printzipioei jarraiki".

Osasun Sailak, adierazpen berria prestatzeko orduan, une honetan osasun laguntzan nagusi diren balioak hartu ditu kontuan, hau da, autonomia eta bizi proiektuak errespetatzea, egoera ahulenean dauden pertsonak babestea edo segurtasun klinikoa. Sustatu beharreko balio horiek aldaketa demografikoaren ondorio dira, biztanleria gero eta zaharragoa baita eta, horren ondorioz, gero eta protagonismo handiagoa baitute gaixotasun kroniko eta endekapenezkoek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prentsa ohar bidez adierazi duenez, osasun arloko profesionalen eta herritarren artean dagoen harremanean eboluzio zientifiko eta teknikoagatik zein osasun laguntzara bideratutako baliabideengatik azken urteetan izandako aldaketak ere hartu dira kontuan.

Era berean, Euskadin osasun harremanak inspiratzen dituzten printzipioak ere oinarri hartu ditu adierazpenak, besteak beste, pertsonaren askatasuna eta, bere osasunari buruzko erabakietan, autonomia errespetatzea; bizitza eta osotasun fisikoa eta psikikoa; askatasuna eta autonomia; berdintasuna eta ez baztertzea; gainerako pertsonak errespetatzea; konfiantza eta konfidentzialtasuna; nortasunaren garapen askea errespetatzea; eta osasun laguntzaren unibertsaltasuna.

Edukiari dagokionez, testu berrian, Euskadiko osasun sistemak ematen dituen prestazioak eta zerbitzuak erabiltzen edo jasotzen dituzten pertsona guztien eskubide eta betebehar orokorrak ez ezik, haur eta nerabeen, sexualtasunaren eta ugalketaren, zahartzaroaren eta bizi amaieraren behar espezifikoei buruzko bestelako eskubideak ere biltzen dira, bai eta egoera ahulean dauden pertsonek eta gaixotasun arraroak dituztenek osatutako kolektiboei dagozkienak ere.

SEKTORE PRIBATUA

Sektore pribatuarekiko harremanei dagokienez, erabiltzaileek dituzten eskubide jakin batzuk exijitu beharra biltzen du adierazpenak, hala nola osasun informaziorako eskubidea, segurtasun klinikorako eskubidea, intimitaterako eskubidea, adostasun informaturakoa, gizonen eta emakumeen beharrak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea betez aintzat hartzekoa, nork bere osasunari buruz dagoen informaziorakoa eta aurretiazko borondateak errespetatzekoa.

"Pertsona guztiek dituzte eskubide horiek, eta exijitu beharrekoak dira osasun laguntza arloko harreman guztietan, laguntza jarduera garatzen den osasun egiturak titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan", dio testuak.

Halaber, eskubideak eta betebeharrak betetzen direla zaindu behar duten eta hala eskatzen duten pertsonei informazioa eta orientazioa eman behar dieten zerbitzuen erregulazioa ere jasotzen du adierazpen berriak.

HELBURUAK

Modu honetan, Euskadiko osasun sisteman pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko adierazpenaren bidez, Osasun Sailak helburu hauek ditu: laguntza harremanetan esku hartzen duten aldeek laguntza aukera errealak ezagutzea eta dauden baliabideak modu egoki eta jasangarrian erabiltzea; pertsonek beren osasunari eragiten dioten prozesuetan eta erabaki hartzeetan eginkizun aktibo eta arduratsua hartu ahal izatea; eta artatutako pertsonen eta osasun arloko profesionalen arteko begirunezko harremanak laguntzea.

Osasun sailburu Jon Darpónek adierazi duenez, Euskadiko osasun sistemako pertsonen eskubideen eta betebeharren adierazpena "lagungarria izango da osasun laguntzaren izaera unibertsala, laguntzaren kalitatearen hobekuntza, elkartasuna zein osasun zerbitzuen sarbide eta erabilerako ekitatea areagotzeko, bai eta Euskadiko osasun sistemaren jardueretan pertsonek are gehiago parte har dezaten ere".

Eskubide eta betebeharrei buruz proposatutako adierazpena biltzen duen agiria hainbat gizarte eragileri (elkargo profesionalak, sindikatuak, osasun sektore pribatua, profesionalen elkarteak eta abar) helarazi die Osasun Sailak, horren gaineko iritzia eman dezaten. Halaber, urtarrilaren 21ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, proiektua jendaurrean jartzeko epea hasiko da, herritar guztiek baloratu ahal izan dezaten.