BILBO. Beren kontura bakarrik bizi nahi duten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazteek soldata erdia baino gehiago bideratu behar dute alokairu errenta edo hipoteka ordaintzera. Zehazki, hipotekaren lehen kuota ordaintzeko soldataren %63 erabili behar dute eta alokairu errenta ordaintzeko %59.
Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendari Jon Redondok "Etxebizitza emantzipazioaren kostua Euskadin 2007-2013" ikerketa aurkeztu du astelehen honetan, abenduaren 15ean, Bilbon. Ikerketa Gazteen Euskal Behatokiak koordinatu du, eta Joffre López emantzipazio adierazleetan adituari eman zaio egiteko agindua.
Ikerketak hamar adierazle sintetiko aurkezten ditu. Adierazle horiek 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunei beren kabuz etxebizitza libre bat jabetzan zein alokairuan eskuratzeak lekarkiekeen kostua islatzen dute.
Adierazleok sortzeko erlazioan jartzen dira gazteen batez besteko soldata garbiak eta salerositako etxebizitza libreen eskriturazio prezioak edo alokairu errentak. 2007 eta 2013 arteko aldirako kalkulatu dira, hau da, krisiaren aurreko oparoaldi ekonomikoko urteetatik orain arte, eta Euskadi osorako azaldu ez ezik, lurralde, sexu eta adin taldeen arabera ere aurkezten dira. Espainia osorako kalkuluak ere egin dira bi eremuak urte tarte berean erkatu ahal izateko.
Ikerketak ondorioztatu du etxebizitza librea eskuratzeak, jabetzan zein alokairuan, hileko soldata garbiaren %40 baino gehiagoko kostua dakarkiola gazte soldatadun bati Euskadin, eta horregatik, beren kabuz emantzipatzen direnek "gehiegizko ahalegin ekonomikoa" jasan behar dutela.
2007-2013 aldian, etxebizitza bat erosteko egin beharreko ahalegin ekonomikoa arindu da, eta gehiago nabaritu izan da erosteko kostuan alokatzekoan baino, salmenta prezioak alokairu errentak baino gehiago jaitsi baitira. Hala ere, eskuratze kostuaren beherapen hori ez da nahikoa izan soldatadun gazte gehienak bakarka emantzipatu ahal izateko.
Emakumezkoek eta 25 urtez azpiko gazteek dituzte etxebizitza merkatu librean eskuratzeko kosturik altuenak, beren soldatak baxuagoak izaten baitira.
LURRALDEAK
Bestalde, oso nabarmenak dira lurralde historikoen arteko aldeak. Etxebizitza librea -jabetzan zein alokairuan- eskuratzeko kostuak Gipuzkoan dira altuen, etxebizitza garestiagoa baita lurralde horretan. Arabak, aldiz, kostu baxuenak ditu.
Estatuaren batez bestekoaren aldean, eskuratze kostuak handiagoak dira Euskadin, jabetzari zein alokairuari begira. Hala ere, emantzipazio tasak antzekoak dira Euskadin eta Espainian, alde batetik, gazte gehienak ez direlako bakarrik emantzipatzen, bikotekidearekin edo lagunekin edo ikaskideekin baizik eta horrela gastuak partekatzen dituztelako, eta bestalde, etxebizitza babestua hedatuago dagoelako EAEn Espainiako beste erkidegoetan baino.
Euskadin ekoizpen erritmo jarraitua mantentzea lortu da, etxebizitza babestuaren aldeko apustu publikoa dela kausa, eta etxebizitza babestuen salerosketa egonkorrari eutsi zaio aztertutako aldian. "Zalantzarik gabe, horri esker lortu du hainbat gaztek etxebizitza eskuratzea", adierazi du.