BILBO. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hamar urte eta gehiagoko pertsonen %24k, hau da, 472.000 lagunek, goi-ertain edo goi mailako unibertsitate ikasketak zituen 2013. urtean, Eustatek gaur jakinarazi dituen datuen arabera.
Halaber, 318.000 pertsonak goi mailako unibertsitate prestakuntza zuten (%16,2), 2011n 312.000 ziren bitartean (%15,8); beraz, %0,4ko hazkundea izan da. Emakumeen %16,4k eta gizonen %15,9k zuten goi mailako unibertsitate prestakuntza.
Bestalde, 2013an, hamar urte eta gehiagoko biztanleen %0,4 analfabetoak zen, eta sexuka, gizonen %0,3 eta emakumeen %0,6. Halaber, 65 urte bete bitartean, tasa %0,2 zen, eta hortik aurrera %1,2, 2011ren aldean %0,2 gutxiago.
Ikasketa mailen arteko aldeak, lurraldeka, txikiak ziren 2013an. Horrela, bigarren mailako ikasketadunen portzentajerik handiena Araban zegoen, %22,6rekin, EAE osoan %21,5 zelarik. Bizkaian unibertsitate ikasketadunak %24,8 ziren, EAEn baino %0,8 gutxiago, eta Gipuzkoan lanbide heziketa egindakoak %17,9 ziren, EAEn baino %1,1 gehiago.
ESKUALDEAK
Eskualdeka, berriz, aldeak handiagoak ziren. Horrela, unibertsitate mailan, Plentzia-Mungia Bizkaian (%33), Gorbeiako Inguruak Araban (%26,4) eta Donostia (%26,3) nabarmendu ziren; lanbide heziketan Arabako Ibarrak (%21,3), Debagoiena Gipuzkoan (%20,6) eta Enkarterriak Bizkaian (%20,5); eta bigarren mailako ikasketetan, Bidasoa beherea Gipuzkoan (%23,6), Arabako Lautada (%23,4) eta Plentzia-Mungia (%23,1).
Bestalde, 2013an, Euskadiko hamar urte eta gehiagoko biztanleen %19,4 bigarren mailako ikasketen tituludunak ziren (2011n baino %0,5 gehiago): emakumeen %20,1 eta gizonen %18,8. Halaber, hamar urte eta gehiagoko biztanleen %18,7 unibertsitateko ikasketa goi-ertain edo ertainen tituludunak ziren (2011n baino %0,2 gehiago): emakumeen %20,5 eta gizonen %16,9.
Lanbide heziketa zutenak ere gehitu egin ziren, 2011n %15,6 izatetik 2013an %15,9 izatera pasatu baitziren; tituludun gizonezko gehiago (%19) zegoen emakumezko (%13,1) baino. Lanbide hezkuntzan, hiru titulutik bi goi mailakoak dira.
Lurraldeka, Bizkaiak zuen 2013an unibertsitate tituludun portzentajerik handiena, %19,8rekin; Gipuzkoak %17,8koa zuen eta Arabak %17,1ekoa. Halaber, Arabak zuen bigarren mailako tituludunen ehunekorik handiena, hau da, %20,3; Gipuzkoak %19,5 zuen eta Bizkaiak %19,1. Azkenik, lan hezkuntzako tituludunen ehunekorik handiena Gipuzkoak zuen, %17,1rekin; Arabak %16,1ekoa zuen eta Bizkaiak %15,2koa.