Juan Calparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) fiskal nagusia eta Idoia Gurrutxaga Donostia Unibertsitate Ospitaleko mediku zuzendaria Poziktibity proiektuaren laugarren bideoko protagonistak dira. Donostia Ospitaleko BioDonostia eraikuntzan gaur egin den bideoaren aurkezpenean parte hartu dute biek, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin batera.

Bideoa Poziktibity proiektuaren barruan egingo den bideo sortaren laugarrena da eta hizkuntza eskubideen gainean hitz egiten du. Poziktibity proiektuaren lehen topaketan azaldu zen bezala, bideo hauetan egunero eragiten diguten gaiak jorratuko dira. Lehenengoan, Aritz Aduriz eta Imanol Agirretxe futbol jokalariek hizkuntzak jakitea eta hizkuntza hauek erabiltzea zeinen inportantea den gogorarazi zuten.

Bigarrenean, berriz, Aritz Aranburu eta Hodei Collazo surflariek euskaraz gozatzeko eskatu zuten, alegia, euskara denbora librean ere erabiltzea, beraiek egunero egiten duten bezala. Hirugarrenean, Reyes Prados eta Anne Igartiburu telebista aurkezleek bestelako mezu bat bota zuten, alegia, hizkuntza bat ikasteko inoiz ez dela berandu, heldutan ere hizkuntzak ikastea oso garrantzitsua dela, alegia.

Gaur aurkeztu den laugarren bideoak, berriz, norberak bere hizkuntzan aritzeak ematen duen lasaitasunaren gainean hitz egiten du. Bideoak hizkuntza eskubideen gaia bete-betean ukitzen du. Ildo horretan, ekitaldian Elebide zerbitzua aipatu dute. Bere ezaugarri nagusia hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea da, eremu publikoan eta pribatuan.

Honela, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzuak, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

Zehazki, Elebidek honako zeregin hauek ditu, beste batzuen artean: hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea; herritarrak sentsibilizatzea; aholkularitza eskaintzea hizkuntz eskubideen eta araudiaren gainean; kexak jasotzea, bideratzea eta jarraipena egitea; eta lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazioekin eta bestelako entitateekin.

ADMINISTRAZIOAREN TRESNA

Ildo honetan, Patxi Baztarrika gogorarazi du Elebide herritarren hizkuntz eskubideak bermatzen laguntzeko tresna bat dela. "Euskara eta gaztelania hizkuntz ofizialak direnez, administrazioak zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz eman ahal izateko bermea eskaini behar du. Eskubide guztiak zaindu behar dira, hizkuntzari dagozkionak ere bai, eta herritar batek bere eskubide hori urratua ikusten duenean Elebidera jo dezake kexa jartzera. Horixe da administrazioak duen tresna", azaldu du.

Bideoko protagonistei dagokionez, biek azaldu dute "oso gustura" hartu dutela parte proiektuan. Calparsoreren esanetan, "edozein herrialdeko pertsona bat Euskadiko epaitegi batera hurbiltzen denean bere hizkuntzan hitz egin ahal izateko itzultzaile bat jartzen zaio, eta arraroa iruditu arren, askotan gauza bera egin behar izaten dugu euskaldun batek euskaraz aritu nahi duenean. Hala ere, esan beharra daukat, euskararen normalizazio prozesuan asko aurreratzen ari garela justizian".

Idoia Gurrutxagak, berriz, adierazi du gaixoek euren kezkak, minak edo nola sentitzen diren euskaraz adierazi nahi badituzte, "horretarako aukera eta bermea" eman behar zaiela. "Ezinbestekoa zaigun informazio gehiago lortzen da eurengandik beraien hizkuntzan arituz gero", gaineratu du.