Bilbao. "Friends: Mononokeshima no Naki (Friends: Naki on the Monster Island)" animaziozko filma estreinatuko da ostiralean, urriaren 24an, eta euskaraz ere ikusi ahal izango da "Friends. Abentura munstroen uhartean" izenburupean, Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen Zinema Euskaraz programari esker. Oraingoz, areto hauetan estreinatuko da: Cinesa Artea, Cinesa Max Ocio, Cinesa Zubiarte, Cinesa Urbil eta Niessen Zinemak, baina ondoren zirkuitua handituko du.
Zineuskadi elkarteak jakinarazi duenez, Takashi Yamazaki zuzendariaren lanak film onenaren izendapena jaso zuen 2013an Japan Academy Awardsen eskutik. Itsas zabalean, lainopean, munstro familia bat bizi den uharte misteriotsu bat omen da. Erabat debekatuta dago bertara hurbiltzea, baina behin, Kotake izeneko mutiko bat uhartera bertaratu zen eta ustekabean izaki misteriotsu batzuekin egin zuen topo.
Kotakeren etorrerak izua zabaldu zuen uhartean, gizakiek egundoko izu-ikara eragiten baitzieten uharteko munstroei. Hori zela eta, Naki suminkorraren ardurapean utzi zuten mutikoa. Hasieran, Naki eta Kotake ez ziren bata bestearekin ondo moldatzen, baina elkarrekin denbora igaro ahala, azkenean lotura hautsiezina eratu zen bien artean.
Bi horiek gorabehera, ezinezkoa zen gizakiak eta munstroak elkarrekin bizitzea eta agur esateko une tristeak noizbait iritsi behar zuen. Hala ere, bien arteko adiskidantza gailenduko ote zaio munstroak eta gizakiak ezin direla elkarren adiskide izan dioen tabuari?
Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen Zinema Euskaraz programaren helburua herritarren eskura balio zinematografikoak sustatuko dituen, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabiliko duen eta aisialdian normalizazioa bultzatuko duen film sorta bat jartzea da.