Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2014/2015 ikasturtearen irekiera ekitaldia egingo du Bilbon datorren ostegunean, urriaren 23an, eta bertan, Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu base berritua aurkeztuko du.

Datu base honetan azken 40 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da, euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen duen aipu laburra.

UEUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, osteguneko ekitaldiko hitzaldi nagusia Karmele Artetxe UEUko Historia saileko kideak eta EHUko irakasleak eskainiko du, ondoko izenburuarekin: "Euskarazko produkzio eta komunikazio zientifikoaren argi-ilunak".

Horrela ba, ostegunean eguerdiko 12:00etan hasiko da UEUren ikasturte hasiera ekitaldia, AlhondigaBilbaoko Bastida aretoan, eta Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Karmele Artetxe historialariak, Miren Bego Urrutia Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak parte hartuko dute.