euskararen erabilera bultzatzeko ahalegin handiagoa da orain Gasteizko auzoetan. Zenbait ekimen egiten dira urtero, esate baterako auzo berrietan. Zabalganako eta Salburuako kaleetan euskara entzutea gero eta ohikoagoa da. Egia da haurrentzako parkeen ingurutan asko entzuten dela, beharbada gurasoek haurrak euskaldundu nahi dituztelako. Baina horrez gain gazte zein helduen artean euskara entzun daiteke ere. Hala ere urrun dago gehiengo baten hizkuntza edo hizkuntza normalizatu bat izatetik.

Kultur elkarte berri bat jaio da Gasteizko Salburua auzoan, Sarburu kultur elkartea hain zuzen ere (atzo aurkeztu zen jaialdi batean Salburuako parkeko hizkien ondoan). Euskara eta euskal kulturaren aldeko lana egingo du. Gasteizko auzo berri honetan kultura eta euskara sustatzeko asmoz sortu dute elkartea.

Auzoaren giroa berotzen joateko irailaren 12an musika-bertso-poteoa euskalduna tabernetatik antolatu zuten. Tabernaz taberna ibili ziren gaiteroekin eta bertsolariek 10 minututako saiotxoa egin zuten taberna bakoitzean.

Sarburu kultur elkartearen arduradunek adierazten dute "auzoan euskara erabili eta entzuten da, baina argi dago gehiago entzutea gustatuko litzaiekeela".

"Gaztelera da nagusitzen dena orokorrean eta batzuetan gu gara horren errudunak ere. Saltoki batera joaten garenean, ohituraz, erdaraz zuzentzen gara bertan dagoenari, euskara jakingo ez duelakoan edo, eta maila handi batean oker gaude", onartzen dute arduradunek. Horregatik, erronken artean komertzioen euskararen mapa bat egitea ere hor dute. Erabilerari dagokionez, umeak dituzten familien artean, eta ondorioz haien seme-alaben artean, entzuten da euskara bereziki.

Auzoan euskaraz antolatzen diren ekintza gehiago nahi dituzte, umeekin parkera joaten direnean euskara gehiago entzun nahi dute, saltoki eta taberna ezberdinetara joaten direnean euskara erabili nahi dute?

GERO ETA PRESENTZIA HANDIAGOa Aurtengo Korrikaren azkenengo ediziorako Salburuan sortu zen babes-taldean ibili zirenek hasi ziren euskararen aldeko talde bat sortzearen ideiari bueltak ematen. "Gogotsu ibili ginen euskararen aldeko ekimen honetan lan egiten eta sentsazio horiek bultzatuta, egindako lanari jarraipena eman nahi geniola ohartu ginen, euskarak gero eta presentzia handiagoa izan dezan Salburuan".

Arduradunek uste dute "auzokide gehienak euskaldunak direla esatea ausartegia dela baina euskaltzaleak direla bai". Euskara Salburuan zabaltzea auzokide askoren nahia ere badela pentsatzen dute, eta baliabide egokiak jarriz gero, euskara eta euskaltzaleak gehiago izango dira etorkizunean. Era xumean baina pausu sendoaz hasi nahi dute haien ibilbidea. Adibidez, abenduan GEU elkartearekin elkarlanean Igandeak jai. Familia giroan euskaraz ekimena izango da auzoan. Gabonak heltzen direnean Olentzeroa antolatuko dute eta datorren urterako (data finkatu gabe dagoen arren) lehenengo Salburua Euskaraz eguna antolatu nahi dute, egun oso bateko egitarauarekin. Euskaraz gozatu edo euskaraz aritzea atsegin duen edonork lekua izango du haiek antolatutako jardueretan.

Aipatu beharra dago, Salburua bezalako auzo batean, bikote gazteen eta ume txikien kopurua nabarmena dela benetan eta ekimenen alderdi handi bat beraiei zuzendua izango da.

"Izan ere, ume txiki eta familiei zuzendutako gauza gutxi ditugu orokorrean eta hauek euskaraz egotea bilatuko dugu. Honek ez gaitu esparru honetara mugatuko bakarrik, adin guztietako jendea da gure helburua, horretarako gauza ani-tzagoak egiteko asmoa dugularik", adierazten dute arduradunek. Etorkizunerako oso atsegina litzateke auzoan dauden beste edozein elkarte, kirol talde edota abarrekin elkarlanik sustatzea. Era berean, Gasteizko beste auzoetan dauden Sarburu bezalako elkarteekin harremana izatea komenigarria ikusten dute, guztiek antzeko helburuak dituztela ikusirik.

Zabalgain kultur elkartea 2011n Zabalganan euskara nahiz euskal kultura sustatu nahian zebiltzan auzokide euskaltzale batzuen ideia bat sortu zen. Zabalgain kultur elkartea 2011ko azaroan hasi zen Zabalganako auzoan publikoki lanean, euskararen alde lan egiten duen kultur talde bat. Euskararen aldeko proiektu hau auzoko biztanle guztioi dago zuzenduta. Euskal kulturari loturiko tailerrak, mintza-praktikak, dantza taldeak, ikastaroak, hitzaldiak, ekitaldiak, mendi irteerak, jolasak, umeentzako iharduerak?

Ekimen honen arrazoi nagusia Zabalgana auzoan mugimendu euskaltzalea sortzearen beharra izan zen, euskara eta euskal kulturaren sustapenerako lan egingo zuen elkarte bat. Hau da haien helburu nagusia.

Auzoan beste hainbat ekimenetan parte hartu dute beste eragile zein auzokide batzuekin elkarlanean. Hauen artean auzoko Olentzero batzordea edota jai batzordea. "Aurreko urtean Korrika eduki genuen Euskal Herria zeharkatzen eta Zabalganan gure lanketa propioa egin genion Korrikari. Ekimen guzti hauetan mila pertsonatik gora batu izan ditugu", esaten dute Zabalgain kultur elkartearen arduradunek. Elkarlanean burututako ekimenen artean azken bat burutu dute auzokide ezberdinekin eta udaletxearekin batera, auzoko komertzioen euskalduntzerako proiektu bat (paisiaia, dokumentazioa eta langileen euskalduntzerako programa).

Zabalgain kultur elkarteak ez ditu kide gehiegirik oraindik. Lau lagun hasi ziren proiektuarekin nahiz eta auzoko beste eragile zein norbanakoen laguntzarekin kontatu izan duten. Momentu honetan sei kide dira, baina taldea handitzeko itxaropena dute.

Hala ere, batzorde ezberdinetan parte hartu izan dutenean hamar pertsonatik gora batu izan dute kasu askotan.