Nahiz eta ikasle gehienek D eredua aukeratu, eskoletatik atera eta euren harremanak gaztelaniaz egiten dituzte. Zein da arazoa? Zein dira etorkizuneko erronkak? Nola eragin dio krisiak euskalgintzari? Horri guztiari buruz hitz egiteko, mahai ingurua antolatu du egunkari honek arlo ezberdinetan aritzen diren bost lagunekin.

Euskaldun berriekin harremanak

Aitortzen al da esfortzua?

Jorratutako lehen gaia euskaldun berri eta zaharren arteko harremanena izan zen. Ea lehenbizikoei behar bezala aitortzen ote zaien egiten duten esfortzua eta euskal hiztunek elkar ulertzeko behar bezalako saiakera egiten ote duten. Mahai inguruko bost kideek baietz pentsa-tzen dute, oro har, gero eta kon-tzientziazio handiagoa dagoela gizartean eta, salbuespenak salbuespen, esfortzua egiten dutenei laguntzeko prest daudela euskaldun zaharrak. Hala eta guztiz ere, gaztelaniara jotzeko arriskuaz ohartarazten dute. "Oso gogorra da menperatzen ez duzun hizkuntza batean umea bazina bezala hitz egitea eta, horregatik, gaztelaniarako joera izaten da askotan", azaldu du urtetan Pasaiako euskaltegian irakasle lanetan aritu ondoren Donostiako EAJko zinegotzi izatera pasatu den Aitziber San Romanek.

Donostian bizi den Nuria Peña bizkaitarrak ahalegin handia egiten du arrisku hori saihesteko. Bere buruari gogor egiten dio gaztelaniaren "komodina" alde batera utzi eta euskara dakiten guztiekin hizkun-tza horretan mintzatzeko. Onartu duenez, nor-nori-nork bat gaizki esan eta ingurukoek "ez, hori horrela esaten da..." esaten diote maiz. Baina Orduñakoak eskertu egiten ditu zuzenketak hiru urtez jo eta su ikasten aritu arren, oraindik ere hanka-sartzeren bat edo beste egiten duelako. Hala ere, harritu egiten da euskaldun berriek zerbait txarto esan eta berak zuzentzen dienean izaten duten erantzunarekin: "Gehienek gaizki hartzen dute".

Irakaskuntzaren erronkak

Diskurtsoak eraberritzea

Mahai inguruko parte-hartzaile guztiak ados daude hezkuntzak berebiziko garrantzia daukala gizartea euskalduntzeko prozesuan. Eta euskaraz ikasi arren hirigunetako nerabeek erdarara zergatik jotzen duten galdetzean, Amonarrizek umorearekin erantzuten du: "Badakizue zer den nerabezaroaren gauzarik onena? Pasatu egiten dela".

Ildo berean, Aldundiko Euskara zuzendariak, Zigor Etxeburuak, adin tarte "zaila" dela uste du, "ideiak berretsi eta gauzei kontra egiteko" momentua dela, alegia. Eta horregatik, askotan erdarara jotzeko iner-tzia daukatela nerabeek. Ondorioz, gazteei euskararen aldeko mezuak bidali arren, emaitzak jasotzeko "denbora pasatzen dela" azaltzen du. "Nerabeek mezuak artxiboan gordetzen dituzte eta beranduago aktibatzen dituzte", dio itxaropentsu, sektore honi aisialdia euskaraz egiteko aukera ematea "ezinbestekoa" dela gehitzeko.

Etxeburuak eta Amonarrizek diskurtsoak eraberritzeko beharra dagoela pentsatzen dute. "Generazio berriek euskara ez dute guk ikusten genuen bezala begiratzen; guretzat konkista zena, haientzat txapa edo rollo bat da askotan", ziurtatu du Tolosako soziolinguistak.

Irakaskuntzaren beste erronka garrantzitsua euskaraz bizi ez den gizartea euskalduntzea da, hau da, euskaldun berrien kopurua igotzea. Eta nola egin hori? Burlatako AEK euskaltegian irakasle den Txarli Garcia donostiarrak ederki daki. "Euskaltegietara iristen den jendeari lasaitasuna eta pazientzia eskaini behar zaizkie. Lehen urratsetan gaztelera gehiago erabiltzen dugu ikasleek irakasgaiak uler di-tzaten eta poliki-poliki euskara maila igotzen dugu", azaldu du.

kRISIAren eragina eta etorkizuna

Erronka: politikatik banatzea

Ezin amaitu krisia euskalgintzan uzten ari den ondorioez hitz egin gabe. Nuria Peñak lehenengo pertsonan bizi ditu murrizketak, Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteagatik ematen zituen diru-laguntzak desagertu egin baitira eta, ondorioz, poltsikotik atera behar izan baititu ikasturtea ordaintzeko 600 euroak (Udalaren laguntzaren zain dago).

Baina hori ez da izan ondorio bakarra, San Romanek azaldu duenez, diru murrizketek Santurtzin abiatutako aula irekia bezalako proiektuak desagerrarazi baitituzte, ehunka ikasle on line ikasteko aukerarik gabe utziz. Egoera horren aurrean, euskaldun berriek "oraindik eta esfortzu handiagoa" egin behar dutela diote mahai inguruko partaideek. Eta espero dute Administrazioek, Nafarroan gertatu den ez bezala, hizkuntza politikak mantentzea. Modu horretan, eta euskara borroka politikotik aterata bakarrik ziurtatuko da euren ustez hizkun-tzaren etorkizuna. Aldundiko arduraduna "herri akordioaz" mintzatu zen, alderdi guztiek noranzko berean arraun egin beharko luketela euskarak egun duen "impasse egoera" gainditu eta ezagutza fasetik erabilerara igarotzeko.

Zailtasun ekonomikoei aurre egiteko, aukera asko daudela diote, euskara eskolak dohan eskaintzea esaterako. Gizarteak eta Administrazioak eskutik joan behar dutela iruditzen zaio Amonarrizi, bien artean "euskararen aldeko ilusioa sortu eta belaunaldi erreleboa ziurtatzeko". Egungo egoera ahaztu ezin badute ere, solaskideek etorkizun oparoa ikusten diote hizkuntzari: "Euskara geurea da eta hemen dago, ez beste inon, beraz hemen konpondu behar dugu bere etorkizuna".