DONOSTIA. Euskal Eskola publikoak bizirik jarraitzen duela aldarrikatuko dute igandean Zarautzen. Familiari begira antolatutako hamaika ekitaldik kostaldeko herria alaituko dute egun osoan zehar. Jaiak goizeko 11.00etan izango du hasiera eta arratsaldeko 20.00ak arte luzatuko da.

Oraingoan ere, egitarau zabala atondu dute. Heldu, gazte zein haurrak batuko dituen festa bederatzi gunetan banatuko da eta bakoitzean jarduera ezberdinak burutuko dira doan: tartean, kontzertuak, kirolak, mago zein pailazoen erakustaldiak, tailerrak, puzgarriak, jolasak, dan-tza ikuskizunak eta kale animazioa, besteak beste.

Jatekorik ere ez da faltako egunean zehar. Lehenbiziko gunean, gazteek ogitartekoak izango dituzte salgai eta seigarren gunean, Eusko Label haragi erreaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek. Bestetik, Foruen plazan kokatuko den zortzigarren gunearen alboan, 600 pertsonentzako oilasko paella erraldoia prestatuko dute 13.00etatik 16.00etara zazpi euroren truke.

XXI. Festan herriaren ezaugarriak kontuan hartu dituzte antolatzaileek. "Zarautzek itsasoa duenez, ekintza gehienak hondartza eta malekoiaren bueltan egitea pentsatu dugu. Baina herriko alde zaharrak eta hiruguneak ere presentzia nabarmena izango dute", gaztigatu zuen Imanol Zubizarretak, festaren arduradunetako bat.

"Bale! Bizi garen seinale" da aurtengo jaialdiaren leloa. Horren ai-tzakiarekin, Balene izeneko balea izango da festaren irudia. "Zarauzko armarrian eta Orokieta Herri Eskolako logotipoan bale bat ageri da. Hori horrela, irudi egokia eta aniztasuna islatzen duena iruditu zitzaigun", azaldu zuen Zubizarretak.

Orotara, 400 boluntario arituko dira lanean bederatzi guneetan, dena arazorik gabe igaro dadin eta bisitariei harrera egiteko. Ildo beretik, prestatzaileek garbitasuna bermatu nahi dute igandeko aldarrikapenean. Horretarako, zaborrak eta hondakinak bereizteko edukiontziak jarriko dituzte.

Jaialdiaren hasiera ekitaldia Lizardi Institutuan ospatuko da goizeko 11.00etan. Bertan, Institutuko ikasleek Xabier Euzkitzaren hitzez eta Antxon Sarasua musikariaren doinuez osatutako "Bale!" abestia joko dute txistuarekin. Ondoren, Guraso Elkarteen hezkuntza jarduera onenak sarituko dituzte eta hortik aurrera jaiak ez du etenik izango.

"Eskola publikoen egoera ez da erraza, baina horretan pentsatzeko badugu 364 egun", laburbildu zuten antolatzaileek. Beraz, kezkak alde batera utzita, igandekoa ondo pasa-tzeko eguna izango da Zarautzen.