bilbo. Koldo Mitxelenaren ikaspenak barneratu ostean, Ibon Sarasolak hiztegigintzan egindako lanagatik nabarmentzea lortu du. Orain arte, arlo horretan emandako fruiturik aipagarriena Orotariko Euskal Hiztegia izan den arren, aurretik egindakoa osatzeko lanean jarraitzen du buru-belarri, Egungo Euskararen Hiztegia obran, hain zuzen. Hiztegiek hizkuntzaren estandarizazioan duten erantzukizuna zein den jakinik, ez da arraroa Sarasola euskara batuaren suspertzaileetako bat izateaz gain, horren defendatzaile sutsua ere izatea. Horregatik, agian, euskara batuaren etorkizunaren aurrean baikor agertzen da, euskarak berak beste hizkuntzek dituzten arazo berberak dituela adieraziz. Hori bai, euskaldunoi "kontzientzia linguistikoa" falta omen zaigula dio.
'Hizkuntzaren hiztegia' osatzen jarraitzen duzu 'Egungo Euskararen Hiztegia' lanean. Zertan datza?
Berez, egungo -2000-2007 urteetako- euskararen erradiografia da. Orotariko Euskal Hiztegia lanarekin alderatuz gero, gutxi gora-behera, metodologia berberarekin eginak daude. Horien bidez, hizkuntza nola aldatu den ikus daiteke; batez ere, batasunak hizkuntzari zein aldaketa ekarri dizkion aztertzeko modua da. Baina hori ondorioa baino ez da. Gaur egungo hizkuntza idatzia -bai prentsan eta bai literaturan- nolakoa den aztertu eta hiztegi formarekin plazaratu nahi dut. Izan ere, hiztegiak abantaila ikaragarriak ditu. Ordena alfabetikoa da, askotan esan dudan bezala, gizateriak izan duen asmaketarik handiena. Alde horretatik, gaiak sailkatzeko aukera ematen du.
Hiztegi bat sortzea urteotako lan gogorra da. 'Orotariko Euskal Hiztegia' sortzeko 21 urte eman zenituen. Zein izan zen jarraitutako prozedura?
Orotariko Euskal Hiztegia idazteko 1984an hasi ginen lanean. Lehendabiziko lana ordenagailuak erabiltzen ikastea izan zen, orduantxe hasi zirelako masiboki erabiltzen. Ikasi eta gero, korpusa osatu eta mekanizatu genuen ordenadoreen bidez, horrekin lan egin ahal izateko; eta gero etorri ziren gerokoak. Lehenengo tomoa 1987an agertu zen; gu lanean hasi eta hiru urte eta erdi geroago. Azkenean, hamasei tomo gehiago egin genituen.
Hizkuntzan aldaketak gero eta arinago gertatzen direla esango zenuke? Eta, horrekin lotuta, aldaketa horrek gaurkotasunez batzen eta kaleratzen dituen organoren baten falta sumatzen duzu Euskaltzaindian?
Hizkuntza bere martxan aldatzen da, baina gurean inflexio puntu bat badago, hizkuntza berri baten sor-kuntza: euskara batua. Horrek gure hizkuntzaren historia baldintzatu du, hizkuntza guztiena baldintzatuko lukeen bezala. Hortik aurrera badago aldaketa bat, hizkuntza sendotu denez gero. Baina aldaketa ez doa gero eta arinago, baizik eta bere martxa hartu du; eta orain, euskara, beste hizkuntza guztiak bezala, aldatuz doa. Hitz batzuk erabiltzeari utzi diogu eta beste batzuk erabiltzen hasi gara. Zentzu horretan, hiztegia ondo eginda baldin badago, hizkuntzaren aldaketak antzeman daitezke. Hizkuntzaren aldaketak hizkuntza hori erabiltzen duen gizartearen aldaketetatik datoz. Euskaltzaindia horretan dabil lanean; fenomeno hori azter-
tzeko behatoki bat prestatzen.
Teknologia aurrerapenei esker, egungo joera hiztegi kontsultak Internet bidez egitea da. Badirudi liburu astunek etorkizunik ez dutela.
Liburuetan ez dira honelako gauza handiak kontsultatzen. Baina horrek ez du esan nahi liburu mailan argitaratu behar ez direnik. Nik, egia esan, nahiago dut paperezko hiztegi bat kontsultatzea Internetekoa baino. Bakoitzak bere alorra du. Baina, jakina, 25 milioi adibide biltzen dituen lana ezin da liburuetan jarri.
Egia da euskararen erabilera egokia ziurtatzeko gero eta tresna gehiago dagoela, baina, gero eta hobe idazten eta hitz egiten al da?
Une honetan ez dut esango inoiz baino gehiago, baina nahiko ondo idazten duen jende piloa dagoela uste dut. Hala ere, gehienek gaizki idazten dute, batez ere prentsan. Pren-tsako idazkera segituan egiten dena da: burutik lumara, segundu batean igaro behar den hizkuntza mota da. Literatura alorrean, berriz, patsadaz idazteko aukera dago eta ezin daiteke esan beste garai batzuetan baino okerrago idazten denik. Gainera, ez da esan behar gaizki idazten denik, horrek jendea kikildu egiten baitu. Baikortasuna izatea komeni da. Estandar literario nahiko txukuna dugu. Filologia esparruan, askok, Axular bezalako idazleak goraipa-tzen dituzte, nahiz eta euskal idazleen artean onena ez izan. Klasikoak alde batera utzi behar dira. Horietatik ikasteko aukera egon arren, egungo beharrizanetara egokitzen den hizkuntza eredua egiten saiatu behar gara. Mitxelenak esaten zuen: "Txirritak nik baino askoz ere hobeto jakingo zuen euskaraz, eta nik baino askoz hobeto idatziko zuen, baina bere eredu horrek niri ez dit balio; beste arazo batzuk ditudalako, bai komunikazioaren aldetik, eta bai transmititu nahi dudanaren aldetik".
Jakina da egoera diglosikoa bizi dugula. Zer egin genezake horren aurrean?
Euskara beti egon da egoera diglosikoan. Aurreko mendeetan, komunikazioaren globalizaziorik ez zegoenez, babestuta zeuden alde batzuk mantendu zitezkeen. Baina hori arazo faltsua da. Diglosiak ez du erremediorik eta ezin daiteke aitzakia-tzat hartu. Mundu honetan hizkun-tza guztiek bizi dute egoera diglosikoa. Egoera horretan bizitzen ikasi behar da: gutxiago kexatu eta hori konpontzen saiatu, nahiz eta konpontzeko oso eskumen gutxi daukagula jakin. Euskarak bere bidea egingo du, bere bide diglosikoa, eta horretara egokitu behar dugu: gutxiago kexatu eta etekin gehiago atera, gaztelaniaz esaten den bezala, altzariak salbatu.
Zure ibilbidea euskara batuaren iraupena bermatzean oinarritu arren, euskalkien iraupena bermatzeko beharrik badagoela uste al duzu?
Euskalkiak ez daude zertan salbatu; salbatzen badira, primeran. Hori euskal gizarteak erabaki behar du. Egoera euskalkidun bat ez da euskalkirik gabeko egoera baino hobea. Ezin dira gauzak derrigortu. Herri-aldizkariek euskalkien inguruan hartu zuten jokaerak eragina izan du; niretzat erabat faltsua da, hori ezin da goitik arautu eta ez du inongo interesik. Iparraldean, adibidez, askoz ere naturalago eta osasun-tsuago moldatzen dira euskalkien eta euskara batuaren arteko bizikidetzari dagokionez. Hainbat hizkun-tza daude dialekto gabekoak, gehienak munduan, eta horiek dira osasuntsuen daudenak. Euskalkiak behar den neurrian salbatuko dira eta behar den neurrian galduko dira. Nik hor ez nuke inongo politikarik segituko, horrek bere bidea jarraituko baitu. Hobe da euskalkiek batasunari behar duena eman diezaiotela. Esku-sartzearen kontrakoa naiz eta ez nuke hori teorizatuko.
Hamaika urte eman zenituen Kataluniako Unibertsitatean irakasle, euskararen egoera katalanak duenarekin alderatzeko aukera izango zenuen. Zein ezberdintasun aurkitu zenituen?
Gurekin alderatuta abantaila handia dute, hau da, hizkuntza kon-tzientzia askozaz handiagoa. Arrazoi bategatik edo besteagatik. Horrez gain hizkuntza handiagoa da, literatura tradizio handiago dute eta hizkuntza bera hobeto ezagutzen dute. Beraz, alde horretatik, eredugarri dira guretzat. Baina, noski, neurri batean baino ez dira ispilu, egoera oso ezberdina bizi dugulako alde guztietatik. Hala ere, badugu haiengandik zer ikasi; batez ere kontzientzia linguistikoaren aldetik.
Zein erronka ditu euskarak etorkizunari begira?
Hizkuntza guztietan bezala: irautea eta bere gizarteari, komunikazio bide gisa, ahalik eta egokien erantzutea.
Zure ibilbidearen hastapenetan poesia eta nobela generoak landu zenituen arren, zure produkzioaren gehiengoa saiakera eta hiztegigintzan oinarritu da. Zergatik alboratu zenuen literatura?
Talenturik ez nuela konturatu nin-tzen eta nire lan orduei beste alor batzuetan etekin gehiago aterako niela erabaki nuen.
Euskal literaturari dagokionez, eta kritikoa ere bazaren heinean, zein idazle nabarmenduko zenuke?
Oro har, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga eta Anjel Lertxundi. Eta gazteagoen artean Harkaitz Cano, oso martxa ona daramana. Nire ustez lau horiek gailentzen dira, batez ere gogo bizia nabari-tzen zaielako.
Literatura alorrean, beraz, zer hobestuko zenuke, kalitatea edo kantitatea?
Zaila da kantitatea egotea kantitaterik gabe. Proportzio bat manten-tzen da. Beraz, biak behar dira, batak bestea ekarriko baitu.