Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzailea
Donostia. Noiz irekiko da sagardo denboraldia?
Denboraldia irekitzen lehenak Goierri inguruko sagardotegiak izan ohi dira, normalean abendu bukaera ingururako. Sagardotegi gehienek, berriz, urtarrila erdi inguruan irekitzen dute txotx denboraldia eta badira batzuk beranduago hasten direnak ere. Normalean txotx denboraldia apirila bukaera arte izaten da, baina geroz eta gehiago dira denboraldi hau luzeago egiten duten sagardotegiak eta urte osoan irekita daudenak.
Noiz zabalduko dituzte ateak sagardotegiek?
Sagardotegiek ez dute egun seinalatu bat izaten ateak zabaltzeko, baina gehienek urtarrila erdi inguruan zabalduko dute txotx denboraldia.
Nola aurreikusten da denboraldia?
Sagardotegiak ilusioz daude denboraldi berriari ekiteko. Orokorrean ez dira garai errazak, baina horrelakoei aurre egiteko bide bakarra lana serio egitea da eta horren jakitun dira Gipuzkoako sagardogileak. Aurreko urteetakoa ikusita, txotx garaia ilusioz aurreikusten da aurten ere, nahiz eta jakin krisiaren eraginak denok nozituko ditugula.
Zer nolako sagarra bildu da?
Aurten sagar urtea izan da eta orokorrean kalitate handiko sagarra bildu da. Gutxi gora behera, produkzioaren %40-50 bertako sagarrarekin egin da eta horrek beti ematen dio kalitate berezia sagardoari. Kontuan hartu behar da bertan bildutako sagarra, sagardotarako bereizitako bertako motetakoa izateaz gain, bildu eta ordu gutxiren buruan zanpatzen dela tolarean, jarraipen zuzena egitea errazagoa dela? eta hori nabaritu egiten du produktuak.
Eta nolako edaria sortu da?
Betiko galdera izaten denez, bati eta besteari galdezka aritu naiz eta orokorrean fruta usain eta zapore handiko sagardoa etorri da aurten, sagarraren kalitate onagatik neurri handi batean. Horrez gain, ondo lehortutako sagardoak aurkituko ditu jendeak txotxean, oso ondo irakin baitute, eta mikatz puntu egokia. Aurtengo sagardoak bereizgarri horiek dituela esan genezake orokorrean, baina sagardotegi bakoitzak bere ñabardurak ditu, eta baita kupel bakoitzak ere.
Ba al dago berrikuntzarik?
Sagardo sektorea eten gabe proiektuak martxan jarri eta indartzeko lanean ari den sektore bat da, beste asko bezala. Bide horretan zenbait proiektu berri martxan jarriak daude eta gorputza hartu ahala, horien berri emango du elkarteak. Sagardoarentzako kalitatezko markak, I+Dko proiektuak, turismoari lotutako egitasmoak, promozio proiektuak, Berrikuntza Plana?
Irekiko al da sagardotegi berririk?
Sagardotegi berri asko ez da ireki azken boladan produkzioa nahiko estabilizatua dagoelako, besteak beste. Hala ere, aurten sagardotegi berri bat sartu da sagardogileen Elkartean, Altzagako Olagi.