Osasun informazioa Whatsapp bidez bidaltzeko baimenak biltzen hasiko da Osakidetza asteazkenean
Whatsapp bidez bidalitako mezuak informatiboak baino ez dira izango, eta osasun gai orokorrei edo interes publikoko abisuei buruzkoak izango dira
Osakidetza herritarrei SMS mezu ofiziala bidaltzen hasiko da asteazkenean, martxoaren 4an, informazio komunikazioak mezularitza zerbitzu horren bidez jasotzeko baimena biltzen hastera begira. Ekimenaren helburua da herritarrei osasun intereseko abisuak, gogorarazte abisuak, kanpainak edo gomendioak helarazteko bide erraz, hurbil eta irisgarria eskaintzea.
Osakidetzatik jakinarazi dutenez, horrelako mezuak jaso nahi dituzten pertsonek bi modutan eta oso erraz eman ahal izango dute baimena: Osakidetzaren webgunean eskura dagoen formularioaren bidez (https://www.osakidetza.euskadi.eus/osakidetza-en-whatsapp/we...- landcon/eu/) eta 945 00 65 00 zenbakira deituz.
Gainera, tramitea errazte aldera, inprimakirako zuzeneko esteka emango duen mezu ofiziala bidaliko du Osakidetzak. Mezua guztiz segurua izango da eta asteazkenetik aurrera jaso ahal izango da; antzeko itxura duten eta datu pertsonalak eskatzen dituzten edo ofizialak ez diren estekak dituzten beste mezu batzuk jasotzen badira, mezu horiekin elkarreraginik ez izatea gomendatu dute.
Whatsapp bidez bidalitako mezuak informatiboak baino ez dira izango, eta osasun gai orokorrei edo interes publikoko abisuei buruzkoak izango dira. Ez da inola ere sartuko datu pertsonalik edo klinikorik. Jarduketa hori abian da jada eta Lehen Mailako Arretako 2026ko Kudeaketa eta Helburu Planaren parte da.
Ekimenaren helburua da herritarrei osasun intereseko abisuak, gogorarazte abisuak, kanpainak edo gomendioak helarazteko bide erraz, hurbil eta irisgarria eskaintzea
Ekimenak bat dator Euskadiko Osasun Itunaren konpromisoekin, eta lehen mailako arreta indartzea eta guztien esku dauden kanal digital seguruen bidez herritarrekiko komunikazioa hobetzea du helburu. Horrela, Osakidetzak bere eraldaketa digitaleko prozesuan aurrera egiten jarraitzen du, herritarrei informazioa bide erraz, hurbil eta irisgarri baten bidez helarazteko aukera eskainita. Horretarako, ez da aplikazio berririk deskargatu beharko, biztanle gehienen egunerokotasunean oso integratuta dagoen tresna erabiliko baita.