Laneko burnout-a XXI. mendeko lanaren erronka nagusietako bat bihurtu da. 2019an Osasunaren Mundu Erakundeak lanarekin lotutako fenomeno gisa sailkatu zuen, estres kronikoaren ondorio zuzena dela azpimarratuz. Ez da egoera puntual bat, baizik eta epe luzera pilatzen den neke emozional eta fisikoaren ondorioa.
Europan, langileen ia laurdenak estres kronikoa jasaten du lanean, eta horietatik ehuneko handi batek burnout sintomak garatzen ditu. Espainian, 2023ko Osasun Mentalaren Fundazioaren datuen arabera, hamar langiletik bostek esaten dute beren lanak osasun mentalean eragin negatiboa duela, eta emakumeek gizonak baino maizago aipatzen dute agortze emozionala eta antsietatea.
Burnout-a pairatzen duten langile askok azaltzen dute eguneroko bizitzan ere eragina duela: atsedenik hartu ezina, arreta falta, familia eta lagunekin harremanak ahultzea eta, kasu askotan, depresioaren atea zabaltzea. Arazo hau, beraz, ez da soilik lan-ingurunera mugatzen; norbanakoaren ongizatean eta komunitate osoan ondorioak ditu.
Zer da ‘burnout’?
Burnout hitzak erretzea esan nahi du, eta horixe da askok sentitzen dutena: barrutik hustuta, energia gabe eta ilusiorik gabe. Ez da nekea soilik, ezta estres puntual baten ondorioa ere; baizik eta epe luzeko prozesu baten azken emaitza. Lanarekin lotutako tentsio etengabeak eta atseden faltak gorputza eta burua pixkanaka desgaitzen dituzte, eta norbanakoa erabat agortuta uzten dute.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, burnout-a lanarekin lotutako estres kronikoaren ondoriozko sindromea da, hiru ezaugarri nagusitan banatuta:
Lehenik eta behin, agortze emozionala, hau da, energiaren galera. Neke fisikoa eta psikiko iraunkorra ere presente dago, egun arruntei aurre egiteko ere zailtasunak ekartzen dituztena.
Bigarrenez, despertsonalizazioa edo axolagabetasuna. Lanareriko eta baita lankideekin ere urruntzea, hotzago jokatzea eta motibazioa galtzea. Azkenik, eraginkortasuna jaisten da eta zereginetan arreta falta agertzen da.
Langileen testigantzek sintoma horiek ondo ilustratzen dituzte: lanera joan aurretik urduri egotea, ezin loa hartu, eta atsedenik ez sentitzea, edo lanaren ondorioz bestelako bizitzaz gozatzeko aukerarik ez izatea. Batzuetan, buruko mina, bihotz taupada bizkorrak edo urdaileko arazoak ere agertzen dira, gorputzak alarma pizten baitu.
Burnout-ak ez du berdin eragiten pertsona guztietan. Adibidez, emakumeek maizago pairatzen dute agortze emozionala, eta gizonengan ohikoagoa izaten da lanarekiko axolagabetasuna. Hala ere, funtsezkoa da ulertzea sindrome honek edozein langileri eragin diezaiokeela, lanbidea edo sektorea edozein dela ere.
Gainera, askotan langileak berak ez ditu sintomak berehala identifikatzen. Askotan normala bezala ikusten dugu neke iraunkorra edo antsietatea, eta horrek egoera larriagotu besterik ez du egiten. Horregatik, lehen seinaleetan arreta jartzea eta laguntza bilatzea ezinbestekoa da.
‘Burnout’-era eramaten duten arrazoiak
Burnout-era ez da egun batetik bestera iristen; faktore askoren pilaketaren ondorioa izaten da. Gehiegizko lan-kargak, kontrol faltak eta lan-giro toxikoak dira arrazoi nagusiak. Horri gehitu behar zaio beti “prest” egoteko kultura korporatiboa: posta elektronikoari erantzun behar izatea lan-orduetatik kanpo, telefonoari etengabe adi egotea edo atsedenaldiak baztertzea.
“Langile askok sentitzen dute inoiz ez direla nahikoa, beti gehiago eskaini ahal dutela”, azaldu du Maite Arrieta lan-psikologoak eta osasun mentalaren adituak. “Presio hori etengabekoa denean, gorputzak eta buru-osasunak azkenean sufritzen dute”.
Arrazoi nagusietako bat lan-karga neurrigabea da: zeregin gehiegi esleitzen dira langileak duen denborarekin konparatuta. Horrek langileari errua sorrarazten dio, “ez dut nahikoa egin” sentsazioa sustatuz. Gainera, autonomia falta ere oso ohikoa da: askotan ez da erabaki propioak hartzeko aukerik izaten, eta horrek frustratzeko arriskua handitzen du.
Beste faktore bat lan-giroa bera da. Giro toxiko batean, non lankideen arteko elkarlana eskasa den edo nagusien estiloa autoritarioa den, langileak isolatuta senti daitezke. “Babes sozialik gabe, estresa askoz ere gehiago nabaritzen da; pertsona sentitzen du bakarrik dagoela zama horrekin”, dio Arrietak.
Era berean, helburu ezinezkoak jartzea edo beti eskuragarri egoteko eskakizunak faktore arriskutsuak dira. Praktika horiek askotan normalizatzen dira, baina langilearengan eragin isila du: pixkanaka agortzen dute energia emozionala eta lanarekiko gogoa.
Horrekin batera, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko desoreka gero eta handiagoa da. Etxean ere lana burutik kendu ezinik egoteak atsedenik gabe uzten du pertsona. Horrek eragin zuzena du osasunean, baina baita harreman pertsonaletan ere.
Zer da deskonexio digitala?
Deskonexio digitala langileen lanaldiaren ondoren posta elektronikoari, telefonoari edo bestelako komunikazio-kanalei erantzun behar ez izatea da, atsedenaldi eta bizitza pertsonala bermatzeko eskubidea.
Espainian, eskubide hau 2018an aitortu zen lehen aldiz, Lanaren Kodearen erreformaren bidez, eta gaur egun enpresek neurriak hartu behar dituzte langileek benetako deskonexioa izan dezaten. Hala ere, praktikan, askotan ez da errespetatzen, eta horrek burnout arriskua areagotzen du.
Ohitura eta praktika kaltegarriak
Burnout-a ez da soilik lan-kargaren ondorio zuzena; askotan, eguneroko praktika txikiek elikatzen dute, ohartu gabe. Lan-inguruetan “normaltzat” jotzen diren jokabide asko, denborarekin, kaltegarriak bihurtzen dira.
Horietako bat atsedenik gabe denbora gehiegi lan egitea da. Lanalditik kanpoko orduak egiteko prest egotea edo lanaldia etxean jarraitzea ohikoa bilakatu da. Maite Arrieta psikologo laboralak ohartarazi du: “Ezin dugu onartu atsedenik ez hartzea, hori ez da lanarekiko ardura izatea, baizik eta gehiegizko praktika bat. Atsedenik gabe ez dago osasun mentalik”.
Beste ohitura arriskutsu bat neurrigabeko perfekzionismoa da. Helburu guztiak bikain bete nahi izateak antsietatea sortzen du. Horrek, gainera, erru-sentsazioa elikatzen du. Lanetik kanpo ere lanean jarraitzea ohiko praktika bat da, eta oso kaltegarria da. Telefono mugikorrak eta posta elektronikoak lan-orduak amaigabeak bihurtu dituzte. Batzuetan, nagusien presio zuzena ez dago, baina kulturak berak sortzen du beti eskuragarri egoteko itxaropena. “Muga horiek ez jartzea langile askoren akatsik handiena da, baina kontuan izan behar dugu askotan zaila dela muga horiek ezartzea”, azaldu du Arrietak, kontuan izanda nagusien jarrera langileen kexen aurrean.
Gainera, askotan langileek oporretan edo atsedenaldi laburretan ez dute guztiz deskonektatzen. Azkenik, zuzendaritzaren edo lankideen presioari men egitea ere ohikoa da, nahiz eta eskaerak ezinezkoak izan. Askotan beldurra dago kontratuari, irudiari edo lanpostuari eusteko, eta horrek langileak bere mugak ukatzera eramaten ditu.
Laburbilduz, ohitura horiek guztiak ez dira banakako ahulezia baten seinale, baizik eta lan kulturaren ondorio bat. Normalizatzen direnean, langilea pixkana agortzen da, eta hor hasten da burnout-aren bidea.
Burnout-a ekiditeko estrategiak
Burnout-a ez da saihestezina. Badaude neurriak eta estrategiak langileek beren ongizatea zaintzeko, nahiz eta presiopean eta giro zail batean egon. Ez da erraza, baina pausoz pauso posible bada babes neurri eraginkorrak hartzea, Arrietak azaltzen duen bezala.
Lehenik eta behin, denboraren kudeaketa funtsezkoa da. Eguneroko zereginak lehentasunaren arabera antolatzea eta lan-egunari amaiera jartzea oso garrantzitsua da. Maite Arrieta psikologoak azpimarratzen du: “Askotan pentsatzen dugu ez dagoela aukerarik, baina egia da geure buruak muga batzuk jarri ahal dituela. Ezin dugu lanaldi amaigabe batean bizi”.
Bigarrenik, atsedenaldiak eta deskonexio digitala errespetatzea ezinbesteak da. Eguneko tarte txikiak (kafea hartzeko edo pixka bat ibiltzeko momentuak) ez dira denbora galdua, baizik eta burua berritzeko modu eraginkorrak. Gauez eta asteburuetan lanetik urruntzea ere oinarrizkoa da.
Hirugarrenik, bizitza pertsonala zaintzea funtsezkoa da: kirola egitea, zaletasunak lantzea eta harreman sozialak aktibo mantentzea. Burnout-ak askotan isolamendua ekartzen du, eta horren aurka egitea oso garrantzitsua da, nahiz eta hasieran gogorik ez aurkitzea.
Beste puntu garrantzitsu bat da laguntza bilatzea. Lankideekin egoera partekatzeak edo nagusiekin modu asertiboan hitz egiteak presioa arindu dezake. Eta behar denean, profesionalengana jotzea ezinbestekoa izan daiteke.
Azkenik, autozaintza emozionala ere funtsezkoa da. Gorputzak eta buruak bidaltzen dituzten seinaleak entzutea, lehen sintomak identifikatzea eta horiei kasu egitea. Arrietak gogorarazten du: “Ez gara makinak, gure energia mugatua da. Gure burua zaintzea biziraupenerako baldintza bat da”.
Estrategia horiek guztiak ez dira beti erraz aplikatzen, baina norberak bere muga eta beharrak onartzen dituenean, burnout-etik urrun mantentzeko aukerak handitzen dira.