Osakako Unibertsitateko (Japonia) ikertzaileek Science Immunology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dutenez, heste-flora OTUD3 gene mutatuarekin eta STING seinaleekin batera ari da lanean, ultzeradun kolitisaren kontra. Aurkikuntza hori giltzarria izan daiteke patologia horretako mina arintzeko.
Kolitis ultzerosoak (CU) sufrimendua eragiten die milioika pertsonari mundu osoan. Heste lodia kaltetzen du, eta mina, kolikoak eta heste-ebakuazioak eragiten ditu maiz, beherako odoltsuarekin. Pertsona batzuek ongizate garaiak igarotzen dituzten arren, gaixotasuna bat-batean berragertzen da, eta beste min-ziklo bat, beherakoa eta pisu-galera eragiten ditu. Gaur egun ez dago sendabiderik.
Heste-florak funtsezko eginkizuna betetzen du gaixotasun horretan, baina haren funtzio zehatza ez dago argi, beti ere ikerketa horren arabera. "Pertsona osasuntsuetan, hesteetako florak mikrobio ugari ditu, digestioa erraztu eta organismo osoari onurak ekartzen dizkiotenak. Aldiz, gaixotasun horretan pertsonen heste-flora desorekatuta dago, mikrobio onuragarri gutxiago eta mikrobio kaltegarri gehiago ditu. Gaitz horri disbiosia esaten zaio", azpimarratzen dute aipatutako ikerketan.
IKERKETA
Osakako Unibertsitateak zuzentzen duen erakunde anitzeko ikerketa-taldeak jakitera eman duenez, disbiosiaren, OTUD3 genearen mutazioen eta STING seinaleen konbinazio batek CUa larriagotzen du. OTUD3 genearen mutazio espezifiko horiek, nukleotido edo SNP bakar baten aldaera gisa ezagutzen direnak, CUrentzako arrisku-faktoretzat hartzen dira.