Belaunaldi erreleboa da Euskadiko Administrazio Orokorrak duen erronka nagusietako bat, digitalizazioak, herritarren beharren aldaketak edota informazioa eskuratzeko bide berriek bistakoa egiten baitute ezinbestekoa dela Administrazioa XXI. mendeko behar berrietara egokitzea, eta horretarako Eusko Jaurlaritzak tresna berri bat jarri du martxan. 8.000 inguru langile publikotatik, datozen lau urteetan 80ko hamarkadan administrazioan sartu zirenen ia %20a erretiratuko da, eta hortaz erreleboa ahalik eta modu eraginkorrenean egitea beharrezkoa da.
Zerbitzu publikoak indartu eta enplegu publikoaren aro berriari erantzuteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak Eki Plan Integrala aurkeztu zuen otsailean, etorkizuneko administrazioa eraiki eta administrazio moderno, eraginkor, malgu, arin, dinamiko eta euskaldunago baterantz aurrera egiteko. Plan honek ere oinarri du kalitatezko zerbitzuak bermatzeko langile publikoen gaitasun profesionalak indartzea.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak jakinarazi duenez, Eki Plan Integralak hainbat proiektu biltzen ditu: enplegu publikorako sarbide berriak, prestakuntza-ibilbide pertsonalizatuak, etorkizuneko administrazioan beharrezkoak izango diren konpetentzien azterketa, edota belaunaldi erreleboa era egokian aurrera eramateko tresna berriak.
Hortaz, ezagutzaren kudeaketa eta transmisiorako, Eusko Jaurlaritzak lanpostua uzten duen pertsonaren ezagutza jaso eta transmititzeko tresna berri bat jarri du martxan, haren lekua hartuko duen pertsonak ezagutza hori hasieratik izan dezan.
Lehenengo urtean langileen %20ak tresna hau erabiltzea da Jaurlaritzaren helburua, eta lehen hilabeteetan langileen %15ak erabiltzen du jada. Atal berezi bat sortu da Jaurlaritzaren intranetean langileek beharrezkoa duten informazioarekin: erabilera-eskuliburuak, tutoretza-bideoak, etab.
Bigarren urteari begira, tresnaren erabilera areagotzea da erronka, hasi berri diren langile guztiek hasieratik izan ditzaten lanpostuari buruzko oinarrizko ezagutzak.
Dena den, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du planean jasotako gainerako proiektuetan: sarbide-sistema berrien eta prestakuntza planen oinarria izango diren konpetentzietan, edo Administrazioan lanean hasten diren langileentzako prestakuntza ikastaroan.
BESTE DATU BATZUK
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak laguntza-deialdia ireki du datorren urriaren 6ra arte, guztira 350.000 euroko zenbatekoarekin. Laguntzak nekazaritza eta elikadura sektoreko enpresa-elkarteei zuzenduta daude, ikerketak, prestakuntza-jarduerak, sustapena, azokak eta lehiaketak egiteko.
'Elkarteak Elikadura' eta 'Elkarteak Nekazaritza' programen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta elikadura sektoreko elkarte profesional eta enpresa-elkarteei zuzendutako laguntzak jasotzen dira 2025eko ekitaldirako. Helburu bezala: ikerketak eta prestakuntza-jarduerak egitea, sustapen eta hedapen ekintzak garatzea, helburu sozialen betetzeari lotutako funtzionamendu gastuak estaltzea, eta bazkideen sustapenera bideratutako azokak eta lehiaketak antolatzea dauzkate.
Diru-laguntzen deialdiaren arabera, guztira esleitutako 350.000 euroetatik, 100.000 euro elikadura sektorerako izango dira, eta 250.000 euro nekazaritza sektorerako.