Osakidetzak Covid Iraunkorraren Unitatea jarri du abian Basurtun
Osakidetzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Covid Iraunkorraren Unitatea jarri du martxan Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, Bilbon. Diziplina eta zentro anitzeko unitatea izango da, EAE osorako erreferentziazkoa, eta covid iraunkor konplexua edo larria duten pazienteak artatuko ditu.
Unitate berriaren helburua da gaitzaren sintoma iraunkorrak edo ondorioak dituztenei arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzea eta ziurtatzea, Alberto Martinez Jaurlaritzako Osasun sailburuak ostegun honetan unitatearen aurkezpenean esan duenez.
Martinezekin batera, covid iraunkorra duten pazienteen euskal elkarteetako eta unitatea hiru lurraldeetan kudeatuko duten zerbitzuetako mediku taldeetako ordezkariak izan dira, bai eta Osasun sailburuorde Enrique Peiro eta Osakidetzako zuzendari nagusi Susana Lopez Altuna ere.
Aurkezpenaren aurretik, unitatea abian jartzeko ekitaldira bertaratu diren pertsonek bilera bat egin dute unitatearen ezaugarriak zuzenean ezagutzeko eta iritziak elkarri adierazteko.
Bada, unitatea hasi da dagoeneko pazienteei aurrez aurreko kontsultetarako orduak ematen Basurtun, eta kasu larriak eta konplexuak dituzten gaixoak artatzeko erabiliko da. Datozen asteetan 50 paziente ingururi deituko diete.
Gainera, espezialista talde bat izango du Gipuzkoan eta Araban, eta sarean lan egingo dute EAEko beste osasun zentro batzuekin, kasu larriak eta konplexuak dituzten pazienteak tratatzeko. Horrela, unitateak hiru lurraldeei emango die zerbitzua.
Unitatea Neurologia Zerbitzuaren ardurapean egongo da, eta barne medikuntzako, pneumologiako, errehabilitazioko eta psikiatriako taldeek ere parte hartuko dute. Gainera, beharrezkoa izanez gero, beste espezialista batzuei ere egingo zaie kontsulta.
"Helburua da covid-19aren sintoma iraunkor edo ondorio larriak agertzen dituztenei arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzea eta ziurtatzea, haien bizi kalitatea hobetzeko, errekuperazioa sustatzeko eta tratamendu pertsonalizatua eskaintzeko", azaldu du Osasun sailburuak.
Gainera, unitateak Osakidetzako gainerako osasun erakundeekin lan egingo du sarean, pazienteei erkidegoan ematen zaien arreta homogeneizatzeko. Halaber, ekitatea bermatuko du arretan.
Irizpide komunak ezartzeko, deribazio irizpideak jasotzen dituen dokumentu bat landu da. Bizkaian, kasuak lehen mailako arretatik edo ospitaleko espezialitateetako kontsultetatik bideratu ahal izango dira, zerbitzuen arteko kontsulta baten bidez; Gipuzkoan eta Araban, berriz, lurralde bakoitzak izendatutako erreferente edo barne medikuntzako fakultatiboen bitartez bideratuko dira hautatutako kasuak.
Temas
Más en Salud
-
Omar Rueda, educador social y psicólogo: “Un narcisista es un estafador emocional”
-
Afrodisíacos naturales: los alimentos que despiertan el deseo
-
Un estudio revela cuántas horas de videojuegos a la semana podrían ser demasiadas para la dieta, el sueño y el peso
-
Así puede afectar la psoriasis a la fertilidad de hombres y mujeres