Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurreikusi du urteko lehen seihilekoan onartzea Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2030, minbiziari aurre egiteko kudeaketa antolatzeko. Planak estrategia integrala, parte hartzailea, jasangarria eta dinamikoa ezarri nahi du, minbiziaren arloko jarduketak zuzenduko dituena, bikaintasuna, ebidentzia zientifikoa eta ekitatea oinarri hartuta, eta herritarrei balioa emango diena osasun-emaitza hobeei dagokienez.

Hala iragarri du Osasun Sailak astelehen honetan, asteartean ospatuko den Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Minbizia da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen heriotza kausa nagusia: %27 minbiziaren ondorioz hiltzen dira. Horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak ikuspegi integraletik eta pazientea ardatz hartuta egiten diote aurre gaixotasunaren kudeaketari.

Bada, hainbat esparrutako 160 profesional inguru ari dira uda aurretik onartzea epero den plan onkologiko berriaren helburuak eta ekintzak zehazten. Planak sei ekintza arlo izango ditu: Pertsonak ardatz, Sustapena eta Prebentzioa, Detekzio Goiztiarra, Arreta Integrala eta Integratua, Emaitzak Osasunean, Erregistro, Informazio eta Zaintza Sistemetan, eta Ikerketa eta Berrikuntza.

Gainera, parte hartze prozesuean ekarpenak egin dituzte pazienteen elkarteek, minbiziari buruzko Euskadiko aholku kontseiluek eta Osakidetzako profesionalek besteak beste.

PREBENTZIOA

Osakidetzak eta Osasun Sailak jakinarazi dutenez, 2024an 15.000 minbizi inguru detektatu zituzten, eta diagnostikatutako pazienteen batez besteko adina 68 urte izan zen. Gizonezkoen artean, minbizi ohikoena prostatakoa da; emakumezkoen artean, berriz, bularrekoa.