BPSO Euskadik atondutako jardunaldian, ezagutzera eman da ezen, Osakidetzako erakunde biok, Bilbo-Basurtuko ESIak eta Gorlizko Ospitaleak, BPSO zentro berri izendatu dituztela, hau da, zainketen bikaintasunarekin konprometitutako zentro.

Ohore hori lortzeko, erakunde biek hiru urtetan lan egin dute jardunbide egokien gidak garatzeko eta ezartzeko. Helburua betetzeko, funtsezkoa izan da liderren eta bultzatzaileen taldearen ahalegina eta dedikazioa, taldea gida bakoitza sustatzeko sortua izanik, eta, hala, ahalbidetu du ezarritako konpromisoak lortzea. Lan hori egin ezean, ezin izango zen zentro konprometituaren ziurtagiria lortu.

Bilbo-Basurtuko ESIaren kasuan, ekimena Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearekin (MEF) batera garatu da, eta, beraz, erakunde biek jardunbide egokien hiru gida ezarri dituzte: "Sarbide baskularrak", "Amagandiko edoskitzea" eta "Genero-indarkeria". Hiru urte hauetan, pauso asko eman dituzte helburuak lortzeko, hala zelan 300 bultzatzaile baino gehiago trebatzea jardunbide egokiak inplementatzeko metodologian, programa erakunde osoan integratzea, UPV/EHUko MEFaren erizaintza graduan eta irakaskuntza-unitate batzuetan, hala zelan familia eta komunitate-arretakoan, osasun mentalekoan, lan-osasunekoan, pediatriakoan eta emaginen irakaskuntza-unitatean, eta besteak beste, baita protokoloak egitea edo gidekin lotutako ikerketa-lerroak sustatzea.

Bestalde, Gorlizko Ospitaleak gida hauek ezarri ditu hiru urte hauetan: "Sarbide baskularra", "Pertsona eta familia ardatz duten zainketak", "Zainketen ikuspegi aringarria bizitzako azken 12 hilabeteetan". Gidak ezartzeak ospitalea eraldatzeko bidea ekarri du, eta aldaketa esanguratsuak eragin ditu praktika kliniko, antolamenduzko eta kulturalean, eta motibatu eta indartu du pazienteei eta familiei arreta onena eskaintzeko misioa, ebidentzian oinarrituta. Gainera, eraldaketan lagundu duten liderrak eta talentuak agerian ipini dira, eta funtsezko arloetan aurrerapen esanguratsuak lortzea ahalbidetu du, hala zelan pazienteen segurtasunean, zaintzaren humanizazioan eta pertsonen garapen profesionalean. Ospitaleak, orain, iraunkortasuna eta proiektua erakundean integratzeko konpromisoa bateratu gura ditu, bere kulturaren zati denez.

Guztira, zortzi dira estandar horren arabera akreditatutako Osakidetzako erakundeak. Bilbo-Basurtu ESIak eta Gorliz Ospitaleak bat egin dute aurreko edizioetan lortu duten erakundeekin, zeintzuk diren Ezkaerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIa, Donostialdeko ESIa, Debabarreneko ESIa, Goierri Urola Garaiko ESIa, Arabako ESIa eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea. Horiek guztiek bere egoera berritu dute, jardunbide egokiei eustea lortu dutelako. Gainera, aipatu behar da beste erakunde bik, Barakaldo-Sestao ESIak eta Santa Marina ospitaleak, aurten ekin diotela hautagaitzari.