Osakidetzako Ama Esnearen Bankuak 167 haurtxo goiztiarren edoskitzea bermatu du 2024an 104 emaileri esker (iaz baino 24 gehiago. Emate horri esker, 445 litro esne eman dizkiete beharra izan duten jaioberriei.

Osakidetzatik jakinarazi dutenez, 2017an sortu zenetik, Ama Esnearen Bankuak euskal erietxeen eskaerari erantzun die, behar duten haurtxo guztiek, medikuaren aginduz betiere, nutrizio balio bereziko elikagai hori jaso dezaten.

Horrela, sortu zenetik gaur arte, 613 amek eman dute beren esnea: 323 Bizkaian, 152 Gipuzkoan eta 138 Araban. Guztira, 2.810 litro giza esne jaso dira, eta, horri esker, edoskitzea bermatu zaie 793 haurtxo goiztiarri edo pisu txikikoei, Osakidetzako Neonatologia Unitateen beharrak une oro betez.

Osakidetzako Ama Esnearen Bankuak amagandiko edoskitzea bermatzen die haurtxo oso goiztiarrei (kilo eta erdi baino gutxiagoko haurtxoak), edo 32 aste bete baino lehen jaiotakoei, bularra hartzeko aukerarik ez dutenean.

Oso laguntza garrantzitsua da, ebidentzia zientifikoek erakusten baitute amaren esneak enterokolitis nekronizatzailea prebenitzen duela (jaioberrien heriotza eragin dezakeen gaixotasuna).

Gaur egun 11 puntu toki gaituta Euskadin ama esnea emateko: Gurutzeta, Txagorritxu, Donostia, Urduliz, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Galdakao-Usansolo Ospitalean, Durangon (anbulatorioa), Gasteizen (Olagibel anbulatorioa), Donostian (Manuel Lekuona 1, behea) eta Bilbon (Etxaniz suhiltzailearen anbulatorioa), Arrasateko anbulatorioa eta Gernikako erietxea.

Emaile izan daiteke edozein emakume osasuntsu, aurreko hiru aste eta sei hilabete bitartean ama izan dena eta bere umetxoari bularra ematen ari dena zailtasunik gabe. Informazio gehiago nahi duena harremanetan jar daiteke Euskadiko Ama Esnearen Bankuarekin, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, 94 457 93 75 telefonoan edo bancolecheeuskadi@osakidetza.eus helbide elektronikoan; pediatrari, erizaintzako profesionalari edo emaginari ere kontsulta dakioke.