Gripearen birusak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bilakaera parametro normalen barruan, eta datozen bi asteetan kopuruak goia jotzea aurreikusi da. Gabonetako oporraldian ez da gorabehera nabarmenik izan, eta orain, eskolako eta laneko jarduerari berriro ekin zaionez, arnas birusek goranzko bilakaera izango dutela aurreikusi da.

Horrela jakinarazi dute ostegun honetan Bilbon egindako prentsa agerraldian Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek eta Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendari Maite Martinez de Albenizek.

Zehazkiago, Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoko arloak astero egiten duen txostenaren arabera, gripe sindromearen tasa 47,7 kasura igo da 100.000 biztanleko 2025eko lehen astean; 2024ko azken astean 33,8 kasukoa zen tasa hori. 2 urtetik beherakoen artean, berriz, bronkiolitis tasa 694,7tik 641,3ra jaitsi da 100.000 biztanleko, eta covid-19arena egonkor mantendu da balio txikietan (1,6 aste honetan eta 1,3 aurrekoan).

Urteko lehen asteko intzidentzia aurreko kanpainako azken hamabostaldian erregistratutakoaren antzekoa da, eta horrek adierazten du gora egiteko fasea ez dela amaitu eta litekeena dela hurrengo bi asteetan goia jotzea.

"Kanpaina hasi zenetik, gripearen birusak aurreikusitako moduan jokatu du, eta noraino iritsiko den aurreikustea erraza ez den arren, muturreko adinetan eta arriskuko pazienteetan txertoarekiko atxikidura handiagoak eta orain arte ikusitako portaerak adierazten dute kasuen kopuru altuena ez dela aurreko denboraldian izan zuen inpaktua baino handiagoa izango", adierazi du Osasun sailburuak.

Gaur egun, goranzko joera erakusten duen intzidentzia handia da, garai honetan ohikoa den bezala, eta aurreko denboraldietan izandakoen antzeko parametroetan kokatzen da.

Martinezek azaldu duenez, Lehen Mailako Arretan zein ospitaleko arretan lan "handia" da egunotan, "urte sasoi honi dagokion bezala, nahiz eta ospitaleetan eta ZIUn gripeagatik ospitaleratzeen kopuruak aurreko denboraldian baino txikiagoak izan".

Hain zuzen ere, urriaren 1etik urtarrilaren 6ra bitartean 737 lagun erietxeratu dituzte, aurreko kanpainako aldi berean 1.011 izan ziren bitartean; ZIUn 11 ospitaleratu dituzte kanpaina honetan, eta aurreko kanpainan 61 izan ziren.

Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariak zehaztu duenez, "eskaintzen ditugun ospitaleratze tasak gripean positibo eman duten eta ondorengo zazpi egunetan edozein arrazoirengatik ospitaleratzen diren pazienteei buruzkoak dira. Pazienteak adinekoak eta patologia anitzekoak dira, eta aurretik zuten patologia kontuan hartuta desorekatuta daudelako ospitaleratzen dituzte, eta ez hainbeste arnasketa koadro larriengatik".

Lehen Mailako Arretako kontsulten kopuruari dagokionez, urriaren 1etik abenduaren 31ra %2,47 igo da aurreko urteko aldi beraren aldean. Zehazkiago, Osakidetzako profesionalek 2.476.987 kontsulta artatu dituzte, aurreko kanpainan 2.417.255 izan ziren bitartean.

Aitzitik, EAG Etengabeko Arretako Guneko kontsulten kopurua %6,99 gutxitu da egungo kanpainan aurrekoaren aldean, 150.681 kontsulta izan baitira 2024an, 2023ko 162.010 kontsulten aurrean.