Minbizia duten 15 urtetik beherako gaixoen biziraupena hobetu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta %80koa da gaitza izan eta bost urtera ohikoenak diren tumore gaiztoen kasuan, Haur Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ezagutarazi duten 1990-2016 aldiko Euskadiko Minbiziaren Erregistroaren bilakaerari buruzko azken datuen arabera.

Minbizi arruntenen artean leuzemiak eta linfomak daude, 15 urtetik beherako haurretan diagnostikatutako minbizien ia erdiak baitira (%47). Ondoren datoz nerbio sistemako tumore gaiztoak (%15) eta beste tumore solido batzuk, hala nola neuroblastomak, ehun bigunetako sarkomak eta hezurretako tumoreak (%38).

Haur minbiziak EAEn duen intzidentziari dagokionez, 1990-2018 aldian, 1.338 kasu diagnostikatu ziren (%58 mutiletan eta %42 nesketan), hau da, urteko milioi bat pertsonako 159,88 kasu.

Diagnostikoan lortutako zehaztasun handiagoaren eta aukera terapeutikoen hobekuntzaren ondorioz, EAEn pixkanaka baina modu progresiboan behera egiten ari da heriotza tasa aztertutako aldian (1999-2018). Horrela, umeen heriotza tasa nabarmen jaitsi da zenbait tumore motatan, bereziki linfometan, eta behera egin du leuzemietan, hezurretako tumoreetan eta sarkometan.

Osteguneko Haur Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak konpromisoa hartua dute gaixotasunaren sendatze tasak hobe daitezen eta bizirik irauten dutenen bizi kalitatea hobetzen jarrai dadin. Horretarako, zenbait ekimen bultzatzen dituzte pediatriako pazienteen arreta integrala errazteko, onkologia pediatrikoko unitateen arteko sareko lana sustatzeko, terapiarik berritzaileenak eskuragarri egoteko eta familiek laguntza jasotzeko, pazienteen elkarteekin lankidetza estuan.

"Ahaleginak egiten jarraituko dugu Euskal Autonomia Erkidegoko haurrei arretarik onena eskaintzeko eta gaixotasun horrek haurrei eta haien senideei eragiten dien inpaktuari aurre egiteko. Horretarako, ekitatea bermatuko dugu osasun sistemaren sarreran, baita kalitateko arreta seguru eta eraginkorra ere", adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Gainera, gizarteari dei egin dio, guztion artean, haurrei bizimodu osasungarriak irakasteko eta EAEren etorkizuneko osasuna hobetzeko.

Osakidetzan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Donostia Unibertsitate Ospitalea dira jaioberrietatik 18 urtera bitartekoen arreta onkologikorako erreferentziazko osasun zentroak. Diziplina anitzeko arreta, espezializazio handia eta esperientzia maila handia bermatzen dute, eta, horri esker, osasun emaitzarik onenak lortzen dira eta, ondorioz, erantzun eta arreta onkologikorik onena.

Ikerketa

Ildo horretan, Osasun Sailak eta Osakidetzak haur minbiziaren arloko ikerketan aurrera egiteko apustu irmoarekin jarraitzen dute, eta, hala, zenbait ikerketa proiektu bultzatzen dituzte.

Nabarmentzekoa da EAEko Haur Minbiziaren Ikerketa Klinikorako Baterako Unitatearen zeregina. Bizkaiko eta Gipuzkoako onkologia pediatrikoko unitateek ikerketa klinikoaren esparruan sarean egiten duten jardueraz arduratzen da, eta ikerketa klinikoak batera abiatzea eta garatzea errazten du.

Halaber, Osakidetzak eta Osasun Ikerketako Institutuek zenbait ekimenetan parte hartu dute 2023an, hala nola nerabezaroan minbizia prebenitzeko 'Sunrise' Europako proiektuan edo haur minbizirako Doitasuneko Medikuntzako 'Pencil/Sehop' ikerketa proiektuan.

Ekitaldiak

Bestalde, gaur ospatuko den Haur Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Aladina Fundazioak, La Cuadri del Hospi eta Aspanovas elkarteek Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Haur Onkologiako Unitatean bistaratze ekitaldiak antolatu dituzte.

Aladina Fundazioak buruan zapia jarri eta ospitaleko sarreran argazki bat egitera gonbidatu ditu ospitaleratutako haurrak, haien senideak eta haurrak artatzen dituzten profesionalak, eta gero argazki hori sareetan partekatzera, #PañueloChallengeAladina bidez. Gainera, urtero bezala, Gurutzetako ospitaleak horiz argiztatuko du bere eskailera, gaixotasuna duten haurrei laguntza eta ikusgarritasuna emate aldera.

Bestalde, La Cuadri del Hospi elkarteak ere bat egingo du egunarekin eta "ilusioa piztuko du" Haur Onkologiako eremuko haurrengan, korridorearen, eguneko ospitalearen eta ospitalizazio eremuaren dekorazioarekin. Azkenik, Aspanovas elkarteak informazio mahaia jartzen lagunduko du ospitaleko sarreran.