Euskal Osasun Zerbitzuaren aldi baterako kontratazio-zerrendetan Estatuko edo Europako profesionalik ez egoteagatik hutsik geratu diren lanpostuak betetzeko Batasunetik kanpoko nazionalitatea duten medikuak eta erizaintzako langileak kontratatzen hasi da Osakidetza. Orain arte, 6 mediku hasi dira lanean espezialitate hauetan: Familia Medikuntza, Etxeko Ospitalizazioa, Kirurgia Orokorra eta Digestio Aparatua, Erradiodiagnostikoa, Erreumatologia eta Urologia.

EHAAn 2024ko urtarrilaren 3an argitaratu zen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakia, Osakidetzaren aldi baterako hautaketa-prozesuetan nazionalitate-betekizunetik salbuesten zuena. Erabaki horren bidez, Europar Batasunetik kanpoko ehun profesional sanitario inguruk eman dute izena aldi baterako kontratazio-zerrendetan; horietatik hogeik betetzen dute mediku espezialisten eta erizaintzako langileen lanpostu funtzionalak eskuratzeko homologatutako titulazioaren nahitaezko baldintza.

Lanpostu hutsen arabera formalizatzen dira kontratuak, profesionalen lehentasunak kontuan hartuta; eta, betiere, Euskal Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratazio-zerrenden bidez sartzen diren Estatuko eta Europako profesionalentzat ezartzen diren baldintza berberetan; hau da, nazionalitatearen baldintza baino ez da salbuesten.

Osakidetzak Batasunetik kanpoko osasun-langileak kontratatzeak, neurri batean, Euskadin ere eragina duen arazo global bati erantzuten dio: profesional medikoen eskasia.

Neurria Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2023ko abenduaren 19ko akordioaren barruan sartzen da. Akordio horren bidez, Zuzendaritza Nagusiak deitzen dituen aldi baterako hautaketa-prozesuetan nazionalitatearen betekizuna salbuesten da, medikuen eta erizainen kategoria funtzionalak modu objektiboan eta premiazkoan bete behar direlako.

Erabaki hori Euskadiko Osasun Publikoari buruzko azaroaren 30eko 13/2023 Legearen Azken Xedapenean oinarritzen da. Lege horrek Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 1997ko Legea aldatzen du, eta xedapen gehigarri berri bat sartzen du, seigarrena. Bertan jasotzen denez, Osakidetzaren mendeko erakundeetako zenbait langile-kategoriatan estatutupeko langile izateko nazionalitatearen betekizunetik salbuesteko aukera dago, baldin eta egiaztatzen bada nazionalitatearen baldintza betetzen duen langilerik ez dagoela.