Sexu-transmisiozko infekzioen (STI) aurkako informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina; Osasun Sailak eta Osakidetzak sustatzen dute eta bereziki gazteei zuzentzen zaie; izan ere, 15 eta 24 urte bitartean dago 4 STI bakoitzeko 1.
Kanpaina infekzio bakoitza Tinder plataformako profil bat bezala adieraztean datza; hartan, “Ez matchik egin STIekin”, “erabili preserbatiboa” lema ageri da.
Ekimena udaren hasieran abiarazi da, aisiarako eta topaketa pertsonaletarako urteko aldirik egokienean. Era berean, diagnostiko goiztiarrak nolako garrantzia duen azpimarratzen du, eta infekzio-mota horien transmisiorik ez egoteko metodo eraginkorrena preserbatiboa dela nabarmentzen du.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, egiaztatu da sexu-transmisiozko infekzioak bereziki gazteenei eragiten ari zaizkiela, eta, beraz, STIen laurden bat 15 eta 24 urte bitarteko adin-tartean detektatzen da. Zehazki, 2022an, adin horiei egokitu zitzaizkien chlamydia kasuen % 29,5, gonokozien % 23,3 eta sifilis diagnostikoen % 17.
Gotzone Sagardui sailburuak esplizituki eskertu nahi izan du STIen kontsultetako osasun-profesionalek STIen gorakada nabarmen horren aurrean egiten duten ahalegin eta lan handia, pertsona horiek guztiak diagnostikatuz eta tratatuz.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak nerabeen eta gazteen prestakuntza afektibo/sexualari begira garatzen dituen ekintza eta programez gain, Osasun Sailak erabaki du STIen gorakada nabarmenaz ohartarazteko ekintza osagarriak abian jartzea.
Horien artean, sailburuak berak gaur aurkeztu duen informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat, preserbatiboa erabiltzeko beharra azpimarratzen duena infekzio-mota horiek ez transmititzeko metodo eraginkorrago gisa.
Kanpaina hedabide konbentzionaletan eta sare sozialetan garatuko da, eta infekzio bakoitza Tinder plataformako profil gisa irudikatzean datza. Plataforma horren gainean, “Ez egin matchik STIekin” “erabili preserbatiboa” goiburua irakur daiteke. Ekimena uda hasieran jartzen da abian, aisiarako eta elkarraldi pertsonaletarako urteko sasoirik egokienean, eta diagnostiko goiztiarraren garrantzian jartzen du arreta.
Kontzientziazio-kanpaina horretaz gain, Euskadiko Hiesaren eta STIen Planak ikastetxeen eskura jartzen du sexualitatearekin lotutako arriskuak prebenitzeko programa hau: “GIB, STI eta nahi gabeko haurdunaldia prebenitzeko Programa”. 2022-2023 ikasturtean, 115 ikastetxek material pedagogikoa eskatu zuten, eta 595 gida banatu ziren irakasleentzat, 9.612 gida gazteentzat eta 10.389 preserbatibo.