Síguenos en redes sociales:

Jaurlaritzak 2,5 milioi euroko lanak sustatuko ditu Donostiako portuko azpiegiturak modernizatzeko eta indartzeko

Donostiako portua arrantza jardueraren, aisialdiko nabigazioaren eta herritarren erabileraren arteko topagunea da

Jaurlaritzak 2,5 milioi euroko lanak sustatuko ditu Donostiako portuko azpiegiturak modernizatzeko eta indartzekoUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi eurotik gora bideratuko du Donostiako portuko azpiegitura nagusiak modernizatzera eta indartzera. Horretarako, hiru lan egingo dira, portuko jarduerarako eta herritarren eguneroko erabilerarako funtsezkoak diren espazioen segurtasuna, egonkortasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko.

Horrela iragarri du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Jon Insausti Donostiako alkatearekin batera egindako agerraldian.

Hain zuzen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako inbertsioa 2.554.105 eurokoa izango da, eta honako lanak jasoko ditu: Erreal Klub Nautikoko kaia eta portuko ontziralekua berritzea, erdiko kaiaren egitura indartzea eta ontziralekuko eskaileraren azken zatia berritzea.

Lanak ez dira ekintza isolatuak, baizik eta Donostiako portuko azpiegiturak zaintzeko eta hobetzeko estrategia planifikatu baten parte. Helburua da azpiegituren erabilera bizitza luzatzea, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea eta instalazio horiek itsas ingurune bereziki zorrotz baten eskakizunetara egokitzea.

Aurreikusitako lehen lana portuko ontziralekuko eskaileraren azken zatia berritzea izango da. Lanak dagoeneko hasi dira, eta, 107.343 euroko inbertsioarekin eta hiru hilabeteko exekuzio epearekin, egungo egitura ordezkatuko da, itsasoaren eraginaren aurrean segurtasun, erresistentzia eta iraunkortasun handiagoa eskaintzeko diseinatutako metalezko eskailera berri batekin.

Maila berriak, altzairu herdoilgaitzezko barandak eta Kontxako badiako itsas ingurune zorrotzaren baldintzetara egokitutako egitura elementuak instalatzea aurreikusi da. Era berean, etorkizuneko mantentze lanak erraztuko dira, ontziraleku osoan egingo diren ondorengo lanak modu eraginkorragoan gauzatzeko aukera emanez.

Bigarren lan nagusia 2027aren hasieran abiaraziko da, portuko erdiko kaiaren egitura indartzeko lanekin. Proiektuak 1,1 milioi euroko inbertsioa izango du, eta bederatzi hilabeteko exekuzio epea. Lanen bidez, arrantza dartsena eta kirol portua bereizten dituen eta portuko zein herritarren jarduera handia jasaten duen 362 metroko luzerako azpiegitura estrategikoan jardungo da.

Zimenduen indartzea, kaiaren egitura sendotzea, harri naturaleko horma atalak konpontzea eta segurtasuneko nahiz ekipamenduko hainbat elementu berritzea aurreikusten ditu esku hartzeak. Jaurlaritzak kai horien egoerari buruz egindako azterlan teknikoek azpiegituraren zenbait zatitan esku hartu beharra identifikatu zuten, haren egonkortasuna bermatzeko eta erabilera bizitza luzatzeko, bereziki hamarkadetan metatutako higadura handiena jasan duten guneetan.

ERREAL KLUB NAUTIKOKO KAIA

Tamaina handieneko lana 2028ko lehen hiruhilekotik aurrera egingo da, Donostiako Erreal Klub Nautikoko kaiaren eta portuko ontziralekuaren erabateko berritzearekin. Horretarako, 1,34 milioi euro baino gehiago bideratuko dira, eta zortzi hilabeteko exekuzio epea aurreikusi da.

Higadura, zulo, luizi eta egitura hondatze prozesuek kaltetutako ia 100 metroko kaia konpondu eta indartzea ahalbidetuko du lanak. Kalte horiek Kontxako badiako olatuen, mareen eta korronteen etengabeko eraginaren ondorio dira.

Aurreikusitako lanen artean daude zimenduen sendotzea, hormak finkatzea, harlangaitzezko elementuak berriz jartzea eta zoladura guztiz berritzea. Era berean, ontziralekuaren erabateko berrikuntza egingo da, hondatutako egitura elementuak ordezkatuz, eskailerak berrituz eta gazitasunaren eta itsas hezetasunaren ondoriozko korrosio handia jasaten duten hainbat osagai hobetuz.

ONURAK

Agerraldian azaldu dutenez, portuko jardueren lan baldintzak eta funtzionamendua hobetzeaz gain, lanek eragin zuzena izango dute Donostiako itsasertzaren gune jendetsuenetako eta ikusgarrienetako batzuen segurtasunean eta erabilera kalitatean.

Donostiako portua arrantza jardueraren, aisialdiko nabigazioaren eta herritarren erabileraren arteko topagunea da, eta, aldi berean, Euskadiko hiri paisaia adierazgarrienetako baten parte. Azpiegitura horiek hobetzeak oreka hori mantentzea ahalbidetuko du, portuko espazioen segurtasuna eta paisaian duten integrazioa indartuz.

Inbertsio planaren bidez, Jaurlaritzak berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) portuak zaintzeko, modernizatzeko eta balioan jartzeko duen konpromisoa, haien jarduera ekonomikoa sendotzen, eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzen eta etorkizuneko beharretara egokitzea bermatzen duten ekintzak sustatuz.