Eusko Jaurlaritza berrikuntza digitaleko taldeak sustatzen ari da hainbat sailetan aplika daitezkeen konponbideak garatzeko eta barne prozesuak arintzeko, administrazio eta zerbitzu publikoak hobetu eta indartzeko helburuarekin.

Modu honetan, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko Sailak administrazio publikoa eraldatzeko, modernizatzeko eta digitalizatzeko konpromisoan aurrera egiten jarraitzen du, hainbat mailatan jarduten duen estrategia integral baten bidez, eta prozesuen eta zerbitzuen digitalizazioa, administrazio sinplifikazioa eta langile publikoen gaikuntza ardatz hartuta.

Lan hori zerbitzu publikoaren, gardentasunaren eta gobernu onaren ikuspegitik ari da aurrera eramaten Eusko Jaurlaritza, "pertsonak ardatz dituen administrazio arinago, eraginkorrago eta adimentsuagoaren alde urratsak egiteko".

Eraldaketaren palanka nagusietako bat berrikuntza digitaleko taldeak dira. Lantalde hauetan parte hartzen ari dira zerbitzu arduradunak, hainbat sailetako langileak eta teknologia alorreko langileak, eta euren zeregina da erronkak identifikatzea, aukerak antzematea eta soluzio berritzaileak diseinatzea, jarduerak, zerbitzuak eta lan egiteko moduak hobetzeko. Taldeok prototipo eta proiektu praktiko zehatzak sortzen ari dira, administrazioaren digitalizazioan, sinplifikazioan eta modernizazioan aurrera egiteko.

Orain arte, berrikuntza teknologikoko hainbat erronka identifikatu dira. Lehen berrikuntza taldea Estrategia Digitaleko Zuzendaritzak sustatu du, eta, bi-hiru aste arteko epean, txosten teknikoak egiteko behar den denbora %30 inguru murriztea ahalbidetzen duen irtenbide bat garatu du.

Bigarren taldea duela gutxi eratu da eta profil juridikoko pertsonek osatzen dute. Sail ezberdinak ari dira parte hartzen, hala nola Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza; Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa; Ekonomia eta Enplegua; Hezkuntza; Osasuna; Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernua. Taldeak helburu bera du: behar amankomunak aztertzea, ezagutza elkarbanatzea ahalbidetuko duten lan espezializaturako baliagarriak diren soluzio teknologikoak garatzeko.

11 profesional juridikok osatutako taldea konponbide teknologiko bat garatzen hasi da dagoeneko. Zeregin eta kasuistika aniztasuna dela eta, taldearen lanak aukera emango du lan juridikoaren hainbat eremutara egokitutako erantzunak eraikitzeko. Aldi berean, komunitate bat sortzeko aukera ere mahai gainean dago, irakaspenak partekatu eta administrazioko langileen artean berrikuntza teknologikoa bultzatzen jarraitzeko.

PLATAFORMA

Ildo horretan, berrikuntza taldeez gain, berrikuntzako eta sinplifikazioko esperientziak eta proiektuak partekatzeko plataforma bat sortu da, hainbat sailetako izapide edo zerbitzuetan aplika daitezkeen kasuak elkarbanatzeko.

Era berean, langile publikoei bideratutako prestakuntza indartu da, haien gaitasunak sendotzeko eta eguneroko lanean tresna berrien erabilera txertatzeko, honek beren lana erraztuko baitu. Berrikuntza teknologikoak irizpide etikoen, erabilgarritasunaren eta erantzukizun publikoaren arabera aplikatuko dira.

Jaurlaritzaren arabera, administrazioan pertsona prestatuak eta inplikatuak izatea funtsezkoa da administrazio hurbilago, modernoago, eraginkorrago, berritzaileago, gardenago eta adimentsuago baterantz aurrera egiten jarraitzeko.