Síguenos en redes sociales:

Jaurlaritzak 2,25 milioi euroko laguntza lerroa onartu du 2025-2026ko ikasturtean euskara ikasten duten herritarrentzat

Eskaerak bi txandatan egin ahal izango dira 2026an

Jaurlaritzak 2,25 milioi euroko laguntza lerroa onartu du 2025-2026ko ikasturtean euskara ikasten duten herritarrentzatUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak2,25 milioi euroko laguntza lerroa onartu du astearte honetan, 2025-2026ko ikasturtean euskara ikasi duten herritarrek matrikularen kostuaren zati bat edo osoa berreskuratu ahal izan dezaten.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, deialdiaren bidez, HABEren mailak gainditu edo egiaztatzen dituzten ikasleek matrikularen kostuaren zati bat edo osoa berreskuratu ahal izango dute, A1 eta C2 arteko maila guztietan.

Laguntzen zenbatekoa gainditutako edo egiaztatutako mailaren araberakoa izango da, eta kasu batzuetan matrikularen kostu osoa estaltzera iritsi ahal izango da; adibidez, gehieneko laguntzak 1.000 eurokoak izango dira B2 mailan.

Diru laguntzak eskuratzeko beharrezkoa izango da HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatuta egotea eta dagokion maila gainditu edo egiaztatzea.

Eskaerak bi txandatan egin ahal izango dira 2026an. Lehen txandaren epea ebazpena argitaratu eta biharamunetik abuztuaren 3ra arte izango da, eta 2025ko uztailaren 1etik 2026ko uztailaren 31 bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek egin ahalko dute esakaera.

Bigarren txandaren eskari epea, berriz, 2026ko irailaren 1etik azaroaren 3ra arte izango da, eta eskaria egin ahal izango dute 2026ko abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek eta lehen txandan eskaria egiterik izan ez dutenek.

Gobernu kontseiluak astearte honetan onetsitako neurriak helduen euskalduntzea indartzeko eta euskara ikasteko doakotasunerantz aurrera egiteko Jaurlaritzak azken urteotan garatzen ari den estrategia integralaren barruan kokatzen dira.

Jaurlaritzak euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murrizteko politika progresiboa garatu du azken urteotan, helburu argi batekin: gero eta herritar gehiagok euskara ikasteko aukera erreala izatea eta erabilerarako gaitasuna eskuratzea.

Horrela, maila gainditzeagatiko diru laguntzen bidez, ikasleek matrikularen kostuaren zati handi bat edo osoa berreskura dezakete mailak gainditu edo egiaztatuz gero (A1etik C2ra). Gainera, 16 eta 18 urte bitarteko gazteekC1 maila ia doan ikasteko aukera dute, eta AISA programaren bidez, atzerritik etorritako herritarrei harrera eta euskarara lehen hurbilketa eskaintzen zaie. Orobat, A1 eta A2 mailetan matrikula merkatzeko sistemak daude, etorkizunean 'Euskara Bonuak' ordezkatuko dituenak.

25,1 MILIOI BOST URTEAN

Azken bost urteetan, Jaurlaritzak 25,1 milioi euro bideratu ditu euskara ikasteko doakotasun politiketara, 500 pertsonak jaso dituzte laguntzak, eta neurri horiek eragin zuzena izan dute euskaltegietako matrikulazioetan.

"Bereziki esanguratsua" izan da hasierako mailetako bilakaera. A1 mailaren doakotasuna martxan jarri ondoren, maila hori gainditu duten pertsonen kopurua %44 hazi zen ikasturte bakarrean, 1.963 ikasletik 2.831ra igo. Halaber, azken urteetan, C1 mailako matrikulazioak %24,6 hazi dira, A1 mailakoak %30etik gora, eta A2 mailakoak %19 inguru.

Estrategia berriaren helburua ez da soilik pertsona gehiago euskara ikasten hastea, baizik eta ikasketa prozesuan jarraitzea eta eguneroko erabilerarako gaitasuna eskuratzea. Horregatik, Eusko Jaurlaritza helduen euskalduntzearen politika berrantolatzen ari da, sarbidetik harago, jarraitutasuna, erabilera eta autonomia sustatzeko.

Ildo horretan, astelehenean aurkeztu zen HABEren eta Eudel Euskadio Udalen Elkartearen arteko udal euskaltegien finantzazio eredu berria ere, helduen euskalduntze sistema osoari egonkortasun handiagoa emateko estrategiaren barruan.