Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Zur-Ekin mentoretza programaren hirugarren edizioa jarriko du martxan ikasturte honetan Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan. Adimen gaitasun handiko ikasleei ematen zaien hezkuntza arreta indartzea da helburua, inor atzean gera ez dadin eta ikasle bakoitzak behar duen laguntza jaso dezan.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, programa DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako gaitasun handiko ikasleei zuzenduta dago, eta haien garapen akademikoa eta pertsonala laguntzea du helburu, talentua indartuz eta beharretara egokitutako orientazioa eta laguntza eskainiz.

Zur-Ekin Eusko Jaurlaritzaren Adimen Gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza Arreta Emateko Planaren barruan dago. Plan horren barruan, Euskadik identifikazio, erantzun eta laguntza eredu propioa garatu du. 2022-2023ko ikasturtean egin zen lehen baheketa sistematikoa, eta %3,1eko prebalentzia izan zuen. Zifra hori bat dator UNESCOk, OMEk eta Haur Supergaituen Mundu Kontseiluak ezarritako nazioarteko estandarrekin.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, "Zur-Ekin funtsezko tresna da plan honen barruan, aukera ematen duelako ikasle horien talentua hezkuntza ibilbideko etapa gakoetan laguntzeko, beren premietara egokitutako orientazio eta laguntzarekin".

Zur-Ekin hezkuntza mentoretzen eredu batean oinarritzen da; komunitate zientifikoak bermatu du neurri hori bereziki eraginkorra dela ikasle horien potentziala garatzeko. Programaren bidez, parte hartzen duten ikasleek laguntza jasotzen dute oinarrizko alderdi batzuetan, hala nola garapen emozionalean, lanbide eta bokazio orientazioan eta beren interes eremuen eta profil intelektualen aurkikuntzan.