Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitale publiko berri bat eraikiko du aurki Tolosan, eta, besteak beste, Gipuzkoa osorako 74 ohe eta hiru ebakuntza gela izango ditu. Horrela, "erreferente" izango da lurraldeko prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan.

Alberto Martinez Osasun sailburua erietxe publiko berria eraikiko den lekuan izan da asteazken honetan, Maite Martinez de Albeniz Zabaleta Osakidetzako Osasun Asistentziako zuzendariarekin eta Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendariarekin batera. Ander Figuerido Tolosako alkateorde eta Hirigintza zinegotzia ere izan da bertan.

Etorkizuneko ospitalea bost urteko epean martxan jartzea aurreikusi da, eta Iurramendiko egungo aparkalekuan kokatuko da, suhiltzaileen parkearen ondoan. Prozesua hasteko, Tolosako Udalak osoko bilkurara eraman behar du Hiri Antolamenduko Planaren Aldaketa Puntuala, eta lursaila Osakidetzaren esku jarri lizitazioekin hasi ahal izateko.

Jaurlaritzak Tolosan ospitale publiko berria eraikitzeko duen konpromisoa nabarmendu du Martinezek. "Helburua da Tolosaldeko eremuan asistentziaren kalitatea hobetuko duen konponbide integral baterantz aurrera egitea, baliabideen erabilera optimizatuz, arretaren zatiketa murriztuz eta paziente kalteberenentzako kalitate handiko arreta bermatuz", azaldu du.

Gainera, adierazi du ekimena Osasun Sailaren lehentasunezko jardueretako bat dela, "eskualdeko ospitale batetik harago doana eta lurraldeko beste zonalde batzuetako pertsonen beharrei ere erantzungo diena".

ERIETXE PUBLIKO BERRIA

Horrela, Tolosako erietxe publiko berria "erreferentziazko ospitalea" izango da Gipuzkoa osorako prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. Bereizmen handiko kanpo kontsultek osatuko dute bere jardueraren muina, erresonantzia magnetiko bat barne, eta Donostialdea ESIko profesionalak izango ditu erreferentzia.

Azpiegitura berriak honako hauek izango ditu: 74 ospitalizazio ohe, hiru ebakuntza gela, erresonantzia zerbitzu bat (Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko ditu), endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako bi miaketa gela, anestesia osteko errekuperazio unitate bat, larrialdietako arreta jarraituko gune bat, erradiologiako ekipoak eta errehabilitazioa.