Txitxarroaren arrantzaren aldi baterako geldialdiak eragiten dien eta egoitza portua Euskadin duten inguraketako eta aparailu txikietako ontzientzako diru laguntzak deitzeko agindua onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak, eta guztira 268.784 euro banatuko ditu.
Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak zehaztu duenez, "egoitza portuak Bizkaian eta Gipuzkoan dituen flotaren arrantza jarduera aldi baterako gelditzeak eragindako galerak konpentsatzeko laguntzen urteroko deialdia da".
Aginduan jasotako funts osotik 188.148,80 euro Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari dagozkio (%70), eta gainerako 80.635,20 euroak Euskadiko aurrekontuei (%30). Gainera, laguntzen guztizko zenbatekotik 163.184,00 euro armadoreentzat dira, eta 105.600,00 euro arrantzaleentzat.
Deialdiaren barruan emango diren laguntzek ezingo dute gainditu aipatutako aurrekontu zuzkidura. Horrenbestez, zenbatekoa agortu ondoren ez da beste laguntzarik emango.
BESTE DATU BATZUK
Bestalde, Markalariak euskarazko komunikazio agentzien lehenengo topaketa egin zen joan den ostiralean, uztailaren 4an, Aretxabaletan (Gipuzkoa), Mondragon Unibertsitatearen campusean, eta sei enpresa elkartu ziren, Euskal Herriko komunikazio agentzien artean topagune bat sortzeko helburuarekin.
Sektoreko profesionalen arteko ezagutza partekatzeko, lankidetza bultzatzeko eta komunikazioaren erronka berriei elkarlanean erantzuteko "espazio inspiratzaile eta kolaboratiboa" izan zen topaketa, bere sustatzaileek jakinarazi dutenez.
Hain zuzen ere, euskarazko komunikazio kanpaina esanguratsuenetako batzuk sinatu dituzten sei enpresak osatzen dute Markalariak sarea: Arteman, AZK, Burutu, Sorland, TaPuntu eta The Niu.