Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza sailburuak harrera egin dio Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko festa antolatzen ari den lantaldeari, gobernuaren Lakuako egoitzan, Gasteizen.

Bildarratzek Begoña Pedrosa jarduneko Hezkuntza sailburuordea izan du lagun

Bildarratzek Begoña Pedrosa jarduneko Hezkuntza sailburuordea izan du lagun, eta Getxoko San Nikolas ikastolako zuzendari Gaizka Arrizabalaga eta presidente Unai Arzubiagarekin bildu da. Ibilaldia Elkarteko presidente Josune Bañales eta Ikastolen jaietako arduradun Joseba Aginagalde ere izan dira topaketan.

Ibilaldia Getxon ospatuko da igandean, maiatzaren 26an, Algortako San Nikolas ikastolak antolatuta. Ekitaldiz beteriko egitarauan 'Txonbo!' egiteko gonbitea egiten du aurten antolakuntzak, horixe baita aurtengo jaiaren leloa. Ikastola bera, San Nikolas plaza, Portu Zaharra eta Ereaga hondartza zeharkatuko dituen ibilbidean zehar jolas eta festa giroko 30 ekitalditik gora antolatu dituzte.

Bileran, festaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkiote antolatzaileek Bildarratzi

Bizkaiko ikastolen aldeko jaia 46. ediziora iritsi da aurten. Bileran, festaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkiote antolatzaileek Bildarratzi, bai eta ikastolak datozen urteetarako eskuartean dituen erronka garrantzitsuen berri eman ere, eta sailburuak baieztatu die igandean bertan izango dela.

Bestalde, Hezkuntza Sailak oniritzia eman dio Duranako Ikasbidea Ikastola Ikastetxe Publiko Integratuko jolastokian aterpe berri bat eraikitzeari.

Azpiegitura berriak 450 metro karratu inguruko azalera estaliko du, ikastetxe publiko horren aisialdirako eta kirol-jardueretarako kanpoaldeko patio batean. Estalkiaren egituraz eraikitzeaz gain, proiektuak barne hartzen ditu horri dagozkion argiztapen-instalazioa eta euri-urak husteko sarea ere. Hezkuntza Sailak laster ekingo dio proiektua idazteari, eta 475.000 euroko aurrekontua (BEZik gabe) bideratu du jarduera horretarako.

2023-2024 ikasturte honetan Duranako Ikasbide Ikastola IPIak 1.290 ikasle ditu Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan, hau da, 2 urtetik 18ra bitarteko ikasleak.