Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak, Beatriz Artolazabalek autobus-geltokiko segurtasuna ebaluatuko duen eta ondoren neurriak hartzeko oinarri bihurtuko den txostena prestatuko dutela iragarri du. Batzordean egindako agerraldian, zinegotziak adierazi du diagnostikoa “oso erabilgarria izango dela gero terminalean arriskuak arintzeko plana prestatzeko”. Artolazabalek aipatu duenez, delinkuentzia-datuak baxuak dira eta datu objektiboekin bat ez datozen “alarma faltsuak” ez sortzeko eskatu du.
“Mila biztanle/eguneroko bidaiari bakoitzeko delitu maila hiriko batezbestekoaren azpitik dago. Eskuragarri dugun azken datua, 2022koa, hartzen badugu, Gasteizen mila biztanleko delitu-tasa 8,3koa dela ikusiko dugu. Aldiz, geltokiaren kasuan, zifra hori 3,7ra gutxitzen da. Horrenbestez, ezin dugu alarmarik sortu edo esajeratu aipatu berri ditugun datu objektibo horiek entzuten ari garen baieztapen batzuekin bat ez datozenean”. Edonola ere, bere ustez, geltokiak toki “segurua eta garbia izan behar du, irudi ona ematen duena; izan ere, pertsona askorentzat, horixe da hirira sartzeko atea. Eta, horregatik, erantzukizun hori geure gain hartu genuenetik, gertuko harremana izan dugu geltokiko gerentearekin, Udaltzaingoarekin eta kafetegiaz arduratzen den enpresarekin. Horren guztiaren helburua da jendea seguru eta eroso sentituko den kalitatezko zerbitzua eskaintzea eta hobetzea”. Zinegotziak terminaleko segurtasuneko operatiboa zein den azaldu du. Informaziorako eta kontrolerako hiru agente daude, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egunero egiten dituzte errondak, kale-jantzian ibiltzen diren agenteak daude, gaueko ordutegian segurtasuneko zaindariak ibiltzen dira eta bideo-zaintzako sistema du.
Instalazioetan izaten diren delitu motari eta tasari dagokienez, Artolazabalek adierazi du estatistikan zenbatutako delitu horietako asko (ziklomotor baten lapurreta, bizikleten lapurretak, ebasketa batzuk…) autobus-geltokiaren barrutitik kanpo egindakoak direla, baina, gertutasuna dela eta, zentroari egozten zaizkiola. Abuztuan gertatutako maleten lapurretarekin lotuta (autobus-konpainia bakarrarekin lotuta daude), esku har zezan berehala Poliziari jakinarazi zioten arren, honako hau zehaztu nahi izan du: “ez dago ziurtasun osorik lapurreta horiek gure geltokian egindakoak ote ziren; izan ere, baliteke helmugan gertatutakoak izan beharrean, lapurretak jatorri-geltokian gertatu izana”. Edonola ere, ibilgailuetako maletategietan utzitako ekipajeak falta izatea garraio-konpainien erantzukizuna da.
Gainera, geltokiaren kudeaketa operatiboari dagokionez berme handiagoa izateko asmoz, zerbitzarietako bat ordezkatuko dute eta laster gainerako beste biak ere ordezkatuko dituzte. Hala, informatika-sistema zentralak eguneratuta geratuko lirateke.
Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak, gainera, terminalaren garbitasuna hobetzeko egindako ekintzen berri eman du. Hala, azken ekitaldiotan, garbiketako kontratuan aurrekontua handitu da (2017an 145.000 euro bideratzetik, 2024an esleitutako zenbatekoa 205.488 eurokoa izatera igaroko da) eta, gainera, gerentziari errekerimendua bidali diote garbiketako baldintzak bete ditzan.
Komunetan, erabilera eta garbiketa kontrolatzeko sistema automatizatua jarri da. Sistema horrek erabilerak zenbatzen ditu, garbiketak eta errepasoak erregistratzen ditu eta erabiltzaileei inkestak egiten dizkie. Gizabidearen kontrako portaerak ekiditeko, komunetako sarreretan kartelak indartu dira, baimenduta ez dagoen oro gogoraraziz. Horrekin lotuta, Artolazabalek dei egin die gainerakoekiko begirunetsuak ez diren jokabideak dituzten pertsona horiei (gutxiengoa dira): izan ere, “egokiak ez diren jokabideak direla eta instalazio horiek gaizki erabiltzeak zikinkeria gehiago dakar”.