Duela 25 urte, Izki parke natural izendatu zuten, eta, horregatik, Arabako Foru Aldundiak festa bat antolatu du urteurren berezi hori ospatzeko. Irailaren 29an izango da, artzain erkidegoen egunean, Urarten.

Izkin artzain erkidegoak egotea benetako elementu historiko eta etnografikoa izan da, balio handikoa eta parke naturalaren egungo kontserbazioan eragina duena. Lurraldearen kudeaketa komunal eta demokratikorako modu bat da, Erdi Arotik XIX. mendera arte gutxienez gertatu zena, eta oraintsu arte oroitzapenezko izaeraz mantendu dena.Funtsean, bi artzain erkidegok osatzen zuten: Izki Beherea edo Irazagorria, eta Izki Goiena edo Ezkerran.

Artzain erkidegoek sortzen zituzten dokumentuen zati handi bat gaur egunera arte iritsi da. Izki Goieneko erkidegoaren dokumentuak Urarteko elizan daude, sei morroilok babestuta. Sei giltza horiek kultura ondarearen altxor hori irekitzen dute, eta erkidegoa osatzen zuten administrazio batzarretako sei lehendakariek zaintzen dituzte oraindik. Garai batean, 'alkate montanero' esaten zitzaien. Sarraila ordenaren arabera: Urturi, Baxauri, Markina, Urarte, Kinta eta Obekuri.

Ondare horren pean, irailaren 29an, bi urtean behin bezala, artzain erkidegoen eguna ospatzen da, eta, oraingoan, Izkiko Parke Naturalaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiekin bat egiten du.

"Parke naturala ez da ulertzen artzain erkidegorik gabe, ezta beren mendien jabe diren kontzejurik gabe ere, Izkin lan ona egiten jarraitzen baitute eta ingurumen- eta kultura-balioei eusten laguntzen. Horregatik, hain zuzen ere, nahi izan dugu Arabako Mendialdeko bizilagunak izatea protagonistak 25. urteurren honen ospakizunean", nabarmendu du Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Inguruneko foru diputatuak.

Programatutako ekitaldiak Izki Garaiko erkidegoaren ohiko bilera lekuetako batera, Urturiko Atariko Haitzera, egindako bisitarekin hasiko dira. Bertan, hari kontzertu akustiko bat izango da.

Ondoren, Urarten, sei giltzen tiradera irekiko da eta zenbait objektu sinboliko gordeko dira Izkiren 25. urteurrenaren oroimenez, denboraren kapsula gisa. Administrazio batzar bakoitzeko ordezkariak arduratuko dira hori egiteaz.

Ekitaldi horren ondoren, hitzaldi bat emango da emakumeei eta ondareari buruz artzain erkidegoen inguruan, Isabel Mellénen eskutik, eta herri bazkari batek amaiera emango die oroitzapen ekitaldiei. 

Izen emateak

Foru erakundeak autobus bidezko garraioa erraztuko die inguruko herrietako parte hartzaileei, eta nahitaezkoa da jarduera bakoitzean izena ematea irailaren 24a baino lehen, Parketxeko telefonoaren bidez: 945 410502.

Urteurren hori dela-eta, halaber, hurrengo egunetarako hainbat jarduera programatu dira publiko guztientzat: Saturnoren eta Jupiterren behaketa astronomiko bat irailaren 22an (ostirala), Bujandako erkameztiak bisitatzea hilaren 23an (larunbata), edo txikienentzako lantegi bat hilaren 30ean.

Informazio guztia web orri honetan dago eskuragarri: www.izkiparkea.eus

Parke naturala

Izkiko parke naturala gure lurraldeko hego-ekialdean dago eta bertan paisaiak izugarri ugari dira. Euskal Autonomia Erkidegoko laugarren parke naturalik handiena da, Gorbeia, Aizkorri-Aratz eta Aralarko parke naturalen ondotik. Eremita kobazuloak, asfalto meategiak, mandazainen bideak eta herri gotortuak Izkiren parte dira, eta paisaia kultural eta natural paregabea izatea lortu dute. 

Funtsean, Izki basoa eta arroka da. Batez ere ameztiz osatutako harizti bat, baita ere pagadiak, garrigak, haltzadiak, erkameztiak, baso mistoak, urkidiak, tenboi zuhaiztiak, naturagune horren zati handi bat estaltzen dutenak.

Goiko eremuetako larre zabalek, behiak, behorrak eta ardiak elikatzeko erabiltzen direnek, bertako populazioen abeltzaintza tradizioari eusten diote.

Basoetako espezieak nabarmendu behar dira, adibidez basoan dauden putzuetan eta hezeguneetan ugaltzen diren anfibioak, hegaztiak eta ugaztun haragijaleak. Okil ertainen (Dendrocoptes medius) populazioa azpimarratu behar da, Iberiar Penintsulako garrantzitsuenetakoa baita. Nahiz eta haitzak hain nabarmenak ez diren elementuak izan, badaude horiei lotutako hegazti harrapari batzuk, nahikoa interesgarriak direnak.