Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gobernu Kontseiluak aste honetako bileran onartu duen Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege-proiektua aurkeztu du. Nerea Melgosak azaldu duenez, etorkizuneko legeak lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politikarako esparru juridiko berria ezarriko du, egun dauden erronka globalei modu eraginkorragoan aurre egiteko, “garapen-ikuskera bat eskainiz, pertsonak eta planeta erdigunean jarriz, haien aniztasuna kontuan hartuz”. “Etorkizuneko lankidetza-lege berri honekin, Euskadin nazioarteko garapen-agendak bere gain hartzea nahi da. Konpromiso solidarioa indartu nahi dugu gure nortasun-ezaugarrietatik: Kalitatezko lankidetza deszentralizatua bultzatzen dugu, elkartasunean eta gizarte lankidetza publiko sendoan oinarritua”, adierazi du. 

Era berean, sailburuak azpimarratu du baliabide solidario posible guztiak ere mobilizatu nahi direla, erakunde-arkitektura berri bat finkatzen aurrera egiteko helburuarekin, lankidetzarako euskal eragileen arteko koherentzia eta erantzunkidetasuna hobetzeko. Hau horrela, Megosak nabarmendu du euskal sektore publiko osoari eta gainerako eragileei elkartasun-politikaren aldeko deia egiten diela Lege-proiektuak.

Etorkizuneko legeak aplikazio-eremua euskal administrazio publikoaren hiru mailetara zabaltzen du, bakoitzaren eskumenak, autonomia eta autoantolaketa errespetatuz.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran ACIDEKA SA (Zierbena), TUBACEX TUBOS INOXIDABLES SA (Amurrioko eta Laudioko egoitzak), REPSOL LNG HOLDING SA (Zierbena) eta EXOLUM CORPORATION S.A. (Erribera Beitiako eta Zierbenako egoitzak) enpresen kanpoko larrialdietako planak onartu ditu. Kanpoko larrialdietako planak babes zibileko plan bereziak dira eta instalazio horietan gerta litezkeen eta enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripuen aurrean kanpotik erantzuna antolatzea dute helburu.

Halaber, Kontseiluak 3 milioi euroko laguntza agindu bat onartu du Gizarte Ekonomian ekiteko. Alde batetik, Gizarte Ekonomiako enpresak eratzen eta gero sendotzen laguntzeko euskal sare publiko-pribatua bultzatu eta indartu nahi da, bai eta Gizarte Ekonomiako enpresak eratu eta sustatu eta duela gutxi eratu direnak sendotu ere.

Era berean, 270.000 euroko dirulaguntza ematea onartu da, prestakuntza arautua jasotzeko zailtasunak dituzten pertsonei (gehienak emakumeak eta etorkinak) egoitzetan mendekotasuna duten pertsonei Arreta Soziosanitarioa emateko Ziurtagiria lortzeko aukera emango dien proiektu bat abian jartzeko. Mentins izeneko proiektua gauzatu nahi da, metodologia berritzaileen bidez garatzen dena, eta prestakuntza arautua jasotzeko zailtasunak dituzten emakumeek eta etorkinek osatutako kolektiboei egokituta dagoena.