Gasteizko Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak aste honetan onartu ditu Simone de Beauvoir, Rogelia de Alvaro eta Itziar elkarteen etxeetan udal-lokalak erabili ahal izateko oinarriak eta deialdi publikoa. Erabilera-epea 2024 eta 2025 urte artekoa izango da eta beste bi urtez luzatu ahal izango da. Eskaerak 2023ko urriaren 2ra arte aurkez daitezke.

Gobernu irekiaren zinegotziak, Miren Fernández de Landak, azaldu duenez “herritarren partaidetza, banaka edo kolektiboen bidez egindakoa, ezinbestekoa da demokratikoagoa eta parte-hartzaileagoa den gizartea eraikitzeko prozesuan. Gainera, aurrerapen sozialerako funtsezko faktorea ere bada”. Hain zuzen ere, Gasteizek fundazioen, elkarteen eta elkarte-federazioen kopuru handia du. Hori dela eta, Udalak kolektibo horien esku beren jarduera garatu ahal izateko udal-lokalak jartzen ditu erabilgarri.

Udalerriko elkarte gehienak txikiak eta ertainak dira eta horrek funtzionatu ahal izateko beharrezko baliabideak izateko garaian zailtasuna eragiten du (lokal bat izatea, adibidez). Elkarte horiei laguntzeko asmoz, Udalak Simone de Beauvoir, Rogelia de Álvaro eta Itziar elkarteen etxeetan udal-lokalak jartzen ditu erabilgarri. Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuak, eta deialdi publikoaren bidez, Gobernu irekiaren sailak ekipamendu mota horiek eskaintzen ditu gizarte, kultura eta hezkuntza arloko helburuak dituzten elkarteentzat, irabazi-asmorik gabe, interes orokorreko jarduerak eta programak gara ditzaten.

"Udalak bere gain hartzen ditu gune komunetako berogailuaren, uraren eta garbiketaren gastuak. Gainera, behar bezala funtzionatu ahal izateko beharrezkoak diren mantentze-lanak egin eta ordainduko ditu Udalak. Gainerako gastuak elkarteek hartu beharko dituzte beren gain, eta haiek arduratuko dira instalazioak behar bezala erabiltzeaz".