Art & Music Summer Edition programa hasiko da Guggenheim Bilbao Museoan asteazken honetan, uztailaren 1ean, eta hainbat taldek zuzeneko musika interpretatuko dute uztaileko eta abuztuko asteazkenetako iluntzean terrazan.

Bertaratzen direnek "pertsonalitate handiko taldeek zuzenean sortuko duten erritmo biziko jazz musikaz gozatu ahal izango dute". Sarrera, kopa bat barne (edo bi ardo edo bi garagardo), aldez aurretik erreserba daiteke museoaren webgunearen bidez eta leihatiletan, Bilboko museotik jakinarazi dutenez.

Bada, Thalatha taldeak hasi du zikloa asteazken honetan, uztailaren 1ean, Marta Payeras pianistak, Javier Gomez kontrabaxu jotzaileak eta Pablo Ortiz bateria jotzaileak osatutako hirukoteak, hain zuzen ere.

Ondoren, uztailaren 8an, Oscar Garrido Quartet arituko da (Oscar Garrido tronpeta, Amaia Izarzugaza pianoa, Martin Irigoras bateria eta Javier Gomez kontrabaxua), eta uztailaren 15ean Nico Andino Quartet (Nico Andino tronpeta, Alex Huelves pianoa, Leon Sierra baxu elektrikoa eta Daniel Pimenta bateria).

Zikloak uztailaren 22an jarraituko du Abraham de Roman Quartet taldearekin (Abraham de Roman saxo tenorra, Marco Martinez gitarra, Arturo Valero kontrabaxua eta Hilario Rodeiro bateria), eta uztailaren 29an Guillermo Elizaga Quartet laukotearen txanda izango da (Xavi Maldonado saxo tenorra, Angel Gonzalez gitarra, Ot Granados kontrabaxua eta Guillermo Elizaga bateria).

Abuztuan sartuta, Aiama Trio izango da hilaren 5ean (Amaia Izarzugaza pianoa eta ahotsa, Edorta Izarzugaza bateria eta Johnatan Alvarez baxu elektrikoa), Andoni Aizpuru Quartet 12an (Andoni Aizpuru saxo altua, Andres Navascuez pianoa, Aritza Castro bateria eta Jon Ander Amigo baxua) eta Yuriy Yaremko Trio 19an (Yuriy Yaremko gitarra, Pablo Lopez Barrios bateria eta Martin Gros kontrabaxua).