Gasteizko Udalak Olarizuko lorategi botanikoko labirintoko lanen kontratazio-prozedura hasi du. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur onartu du espedientea 474.742 euroko aurrekontuarekin eta 6 hilabeteko gauzatze-epearekin. Proiektuak, Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasota dagoenak, Next Generation EU funtsetatik iritsitako Europako finantzaketa jaso du.

Labirintoa altuera txikiko (1,70 m) heskaiek osatzen dituzten kaleen eraikuntza korapilatsua izango da, eta Europako lorategietan oso hedatuta dagoen tradizioa mantenduko du (landarediarekin eta landaredian jolas egitea planteatuta). Sarbide erraza izan arren, haietatik ateratzea horren erraza izango ez den bidegurutzez betetako kaleak izango ditu. Halaxe ohartaraziko du sarreran jarrita egongo den kartelak. Senekak idatzitako hitzak izango ditu: “Bere abiadurak berak nahasten du labirinto batean korrika egiten duena”. Labirintoko irteera topatzeko helburua lortu dutenek, aldiz, bukaeran Aristoteles filosofo greziarraren hitz hauek topatuko dituzte: “bere beldurrak gainditu dituena izango da benetan aske”.

“Airetik ikusita, labirintoak hatz-marka erraldoi baten itxura izango du eta parterre geometrikoen multzo batek baso-ingurune handi baterako bidea irekitzen duten lorategi historiko askotako egitura mantenduko du. Gure kasuan, Europako basoen irudikapena izango da”, azaldu du Borja Rodríguezek, Ingurumeneko zinegotziak.

Barneko bidea “luzea eta bihurgunetsua” izango da proiektuak jasotzen duenez. Irteerarik gabeko ibilbide asko eta bankuak (Florida parkekoen antzekoak) eta altzifreak dituzten guneak egongo dira, bertan atseden hartu eta gogoeta egin ahal izateko.

Bistakoa denez, labirintoan galduta geratzea aukera bat izango da, baina irteera aurkitu nahi dutenek kanpora ateratzen lagunduko dieten iheserako ateak ere topatuko dituzte.