Basauriko Udalak, Ibaizabalgo Ertzain-etxeko Burutzak eta Osakidetzak (Barrualde-Galdakao ESI) erakundeen arteko koordinazio-protokolo bat sinatu dute indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko. Protokolo horren helburuak dira, besteak beste, ardatza biktima izango dela bermatzea eta baliabide publikoak haren premietara egokitzea, era horretara arreta koordinatua, integrala eta, batez ere, eraginkorragoa eman ahal izateko.
Asier Iragorri Basauriko alkateak, Edurne Arce Ibaizabalgo Ertzain-etxeko nagusiak, Jon Guajardo Osakidetzaren Barrualde-Galdakao ESIko gerenteak eta Maria Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotziak aurkeztu dute gaur, osteguna, indarkeria matxistaren biktimen arretan erakundeen erantzuna indartuko duen eta berriz biktimizatzea saihestuko duen protokoloa.
Protokolo honen bidez, sinatu duten zerbitzu eta esparruetako (Ertzaintza, Basauriko Udaltzaingoa, Osakidetza eta Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna) profesionalek tresna praktikoago bat izango dute eguneroko jardunean, herrian indarkeria matxistaren kasu bat gertatzen denean, nola jardun, informazioa nola eman eta udal-eremuko beste eragile batzuekin nola komunikatu jakiteko.
Basauriko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek zentralizatu eta koordinatuko dute esku-hartze globala, biktima arreta-sistema publikoan zein bidetatik edo zerbitzutatik sartu den alde batera utzita. Zerbitzu horiek egingo dute premien balorazio orokorra, eta zirkuituko eragileen arteko koordinazioa bideratuko dute. Protokoloan jarduteko prozedura espezifikoa ezartzen da, eta gauzatuko da kontuan hartuta indarkeria matxistaren biktima arreta integralerako zirkuituan zein zerbitzutatik sartzen den: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Udaltzaingoa, Osakidetza edo Ertzaintza.
Edurne Arcek nabarmendu du orain arte Ertzaintzatik modu aktiboan aritu izan direla beste udal-erakunde batzuekin, bereziki Basauriko Udaltzaingoarekin, lankidetzan. Hala eta guztiz ere, protokoloa abian jarrita arreta hobea emango zaie biktimei, arreta osoa bermatuko baitzaie.
Protokoloak zuzenean lotzen ditu indarkeria matxistaren arloan eskumenak dituzten erakundeak. Hala eta guztiz ere, protokoloa pixkanaka ezartzen hasten denean, lankidetza-ekintzak eta -mekanismoak garatuko dituzte Basauriko hezkuntzaren, enpleguaren, hirugarren sektorearen eta elkarteen esparruko ordezkari jakin batzuekin.
Arreta-ibilbideen parte diren zerbitzu eta eragileek emandako arretaren jarraipena egin ahal izateko, bi hilabetez behin elkartuko da kasuak koordinatzeko mahaia. Era berean, protokoloaren garapenaren ebaluazio jarraitua egingo da bi koordinazio mahairen bidez, bata teknikoa eta bestea estrategikoa.