Lehendakariak adierazi du punta-puntako enpresak eta kooperatibak, "kaudimendunak eta lehiakorrak", behar direla Euskadik aurrera egin dezan “egunetik egunera zorrotzagoa den nazioarteko merkatuan”. Iñigo Urkullu SORALUCE kooperatibaren muntaketa-planta berriaren inaugurazioan izan da gaur goizean kooperatibaren Bergarako egoitzan, eta lehendakariarekin batera izan da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua. 

Lehendakariak, bere esku-hartzean, ongietorria egin dio makina-erremintaren sektoreko enpresa honek egin duen inbertsioari, eta “jarraikitasunaren” eredutzat hartu du. “Inbertsio bat egitea inkonformista, ausarta eta saiatua izatea da. Apustu bat egitea eta arrisku bat hartzea da. Norberaren ahalmenetan sinesten duenaren eredu zarete. Jarrera horrek, etengabe hobetu nahi horrek, eraman gaitu gaur egun daukagun kalitatea izatera”, esan du. 

Horrela, ziurtatu du Euskadiko industria-ehuna, lana “pertsona askori” ematen diena, etorkizun oparoa izateko bermerik onena dela, eta inbertitzen jarraitzeko deia egin du “hazten jarraitzeko” eta erakundeen laguntza eskaini du. “Zuen ondoan eta zuen alde izango gaituzue. Jabetzen gara –adierazi du– zuen lan onaren esku dagoela neurri handi batean gure ongizate kolektiboa”. 

Puntu honetan Eusko Jaurlaritzak atzo bertan onartu zituen datorren urterako aurreikuspen ekonomikoak eta aurrekontu-jarraibideak aipatu ditu, eta hazkunde-agertoki bat iragartzen dutela azaldu du: aurten % 1,6koa eta datorren urtean % 2,1ekoa. Era horretara, eta Lehendakariak adierazi duenez, aurten 11.000 lanpostu berri sortu ahal izango dira eta 2024an 16.000. 

“Hazkunde-aukerak eta kalitatezko enplegua sortzea da gure lehentasuna, enplegua baita gizarte-politikarik onena”, esan du amaitzeko. 

Soraluce Mondragon Korporazioko makina-erremintaren dibisioko, Danobatgroup taldeko, kooperatiba da. Mondragon Korporazioa Europako enpresa-talderik garrantzitsuenetako bat da eta bikaintasun-zentroak ditu Alemanian, Italian, AEBn, Txinan eta Erresuma Batuan.

Kooperatibaren 2.530 m2 berriak egungo instalazioei batuko zaizkie, fabrikazio-azalera guztira 30.000 m2-koa izanik. Inbertsio hau egin ahal izateko, Soraluce kooperatibak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du Bilakatu laguntza-programaren bitartez. Programa horrek 25 milioi euro ditu izendatuta –lehendakariak berak gogorarazi duen bezala– “dibertsifikazio-prozesuekin edo birkokatze-jarduerekin erlazionatuta gure herrian egiten diren produkzio-inbertsioak bultzatzeko”.