Corresponsal

- Jean René Etchegaray abokatua eta Baionako alkate zentrista bigarren aldiz izendatu dute Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren presidente. Postu horretarako bere burua aurkeztu zuen hautagai bakarrak 148 boz eskuratu zituen atzo (%63). Hirurogeita bost hautetsik zuri bozkatu zuten eta beste hemeretzik hautagai ez ziren hiru alkateen alde.

Alain Iriart, Hiriburuko auzapez abertzaleak presidente izateko gogoa agertu zuen baina EH Bai koalizioan (EH Bilduren parekoa Iparralden) egindako barne bozketak hautagaitza ez aurkezteko eskatu eta Etchegarayren alde egiteko gomendatu zuen. Baliteke erabaki horrekin ados ez zeuden hamasei ordezkarik Alain Iriarten alde egin izana.

Osasun krisia dela eta, atzoko saioa Lauga kiroldegian egin behar izan zuten gutxienez metro bateko tartea egon zedin 232 hautetsien artean. Bordeleko akademiak Hiriburuko eskola publikoan murgiltze eredua sortzeari uko egin diola eta, atzo jarrera horren kontrako mozioa aurkeztu eta onartu zuten ere.

Duela hiru urte hasi zituen lanak segitzeaz gain, gobernantza ituna eguneratzea izanen da Etchegarayren lehentasuna. Lan zama handia daukanez, Baionako alkateak ardura hartu zuen "apaltasunez eta umiltasunez". Hautetsien agiria plazaratu zuen ere gardentasuna sustatu eta ustelkeria borrokatzeko. "Erakundea administratiboki eta juridikoki ezarria izan bada ere, ez da osoki instalatua. Aitzineko agintaldian, urrats garrantzitsuak eman genituen, besteak beste, 21 politika publiko onartzearekin. Beharrezkoak ziren", adierazi zuen eta aldi berean erantsi zuen gobernan-tza paktu berri baten alde egingo duela "oreka gehiago lortzeko lurralde poloen artean".

Uztailaren 31an, 70 kide bilduko dituen Elkargoaren batzorde iraunkorra hautatuko dute eta ondotik Etchegaray presidenteak bere exekutiba izendatuko du.

Elkargoaren 232 ordezkarien artean Lapurdi, Baxe Nabarre eta Zuberoko 158 udalerrietako alkateak eta zinegotziak daude. %42 berriak dira eta atzo lehen aldiz parte hartu zuten Baionan egindako batzarrean. Hamarretik hiru emakumeak dira, joan den legealdian baino pixka bat gehiago eta aurpegi berrien artean dago, adibidez, Xole Aire joan den martxoaren 15ean Urepelen hautatu zuten auzapez berria.

"Elkargoak hiru urte besterik ez ditu eta beraz erakunde berri eta gaztea da oraino. Eraikitzen segitu behar dugu eta pentsatzen dut lortuko dela hautetsien ekarpenak kontuan hartzen badira. Herritarrekin lotura gehiago eta lurralde desberdinen artean hurbiltasun gehiago beharko dugu ere. Guk Urepelen etxebizitza zaindu nahi dugu etxe hutsei aterabidea bilatuz".

Herrigintza planak egokitu eta eguneratzea lehentasuna dela azpi marratu zuen Nathalie Motsch Miarritzeko zinegotziak. Euskara eta gaskoiarentzat toki gehiago eskatu zuten ere Paulo Arzelus Hendaiako zinegotzi eta Alexandre Bordes Erangoko alkateak. Ekologia, sozial arloa eta demokrazia zaintzeaz gain, laugarren erronka euskara sustatzea eta gehiago erabiltzea izanen dela aldarrikatu zuen Arzelusek euskaraz eta frantsesez egindako hitzaldian. Iparraldeko Elkargoan bat bateko itzulpen zerbitzurik ez dagoela deitoratu zuen hizkuntza eskubideak ardatz izan zituen hendaiarrak.

Hogeita bi alkatek euskararen protokoloarekin bat egin dutela gogoratu zuen txaloen artean. Gaskoizaleek azpi marratu zuten elkargoaren 158 udalerrietatik hemezortzik sustrai gaskoiak dituztela eta biztanlegoaren erdia biltzen dutela. Inbestidura saioaren atarian, frantsesaren ondoan euskarak eta gaskoierak tokia izan zuten idatziz atzo ere. Presidenteak bere adierazpena hiztun-tza horietan egin zuen duela hiru urte baina atzo Frantziako Errepublikaren hizkuntza ofizial bakarrean aritu zen bakarrik.