Biarritz - Biarritzen egunotan bildu diren munduko agintariak “piromanoak, hipokritak eta horma eraikitzaileak” direla salatu zuten atzo G7 EZ plataformako kideek. Mediterranoa itsasoa hilerri bilakatu dutela gaineratu zuten. Hautetsi horiek zilegitasunik eta adierazpen elkarturik egiteko gaitasunik ez dutela deitoratu zuten ere.

Mundu osoko 80 elkartek egindako gogoeten ondotik ateratako zazpi proposamen plazaratu zituzten G7 EZ taldeko bozeramaileek, besteak beste, klimaren alde eta iruzurren aurka. Beren ustez, hondamendi ekologikoaren aurrean premiazkoa da neurri zorrotzak har-tzea doako garraio publikoa garatuz, adibidez. CETA eta Mercosur bezalako merkataritza hitzarmenak indargabetzea proposatu zuten ere ingurugiroa, lanpostuen sortzea eta nekazaritza erasotzen dituztelakoan. Beren hitzetan ezinbestekoa da munduko arazoak sortzen dituzten multinazionalei indarra kentzea eta daukaten zigorgabetasunarekin bukatzea.

Zazpi proposamenak biltzen dituen agiria Biarritzeko erdigunera eramatea saiatu ziren atzo eguerdian baina Itsasoaren Hiriaren hurbil poliziak bidea moztu zien eta ondorioz ekintzaileak errepidean eseri ziren. Ordu erdi baten buruan etxeratu ziren eta ez zen istilurik gertatu. Bien bitartean Urruñan kontra gailurraren gunea erabat hustu zen.

bikotekideak surflariekin Ezpeleta eta Arnaga jauregia bisitatu ondoren Kanbon igandean, munduko agintarien bikotekide eta emazteek hondartzara joan ziren atzo Lapurdiko surfzaleekin hitz egitera. Tartean zeuden Pauline Ado eta Emmanuelle Joly txapeldunak goi mailako kirolean emakumeek duten tokiaz hitz egiteko. Bezperan bezala Brigitte Macronek anfitrioi lanak egin zizkien Melania Trump eta Akie Abe Amerikako Estatu Batuak eta Japoniako presidenteen emazteei, besteak beste. Hondar-tzan bertan ingurugiroaren alde lan egiten duten elkarteetako kideekin ere hitz egin zuten estatu buruen emazteek. Historiari buruzko erakustoki berria bisitatzeko aukera izan zuten ere.

EUSKARA, GAILURREAN Euskarak ez du oraindik inolako lege babesik Ipar Euskal Herrian baina uste baino toki gehiago izan zuen gailurraren garaian. Biarritzeko udalak eta elkargoak agertutako esku orri eleanitzetan euskarazko zenbait hitz irakur zitezkeen, batik bat ongi etorria eman edo eguneroko aldaketei buruzko informazioa eskaintzeko. Oldarra gizon koroak Hotel du Palais jauregian eskainitako kon-tzertuaren bidez lau haizetara hedatu zen Xalbadorren hizkuntza. Iñaki Urtizberea zuzendariak dio Emmanuel Macronek interes handia erakutsi zuela abestien hitzak ezagutzeko. “Donald Trump berak argazkia elkarrekin ateratzeko eskatu zigun” dio irriz. “Melania bera ere hurbildu zitzaigun eta une atsegina igaro genuen”. Boris Johnsonek ez zekien euskara esistitzen zenik ere.

Euskal ekoizpenek ere arrakasta handia izan zuten agintarien artean. Cédric Béchade Senpereko Auberge Basque jatetxeko sukaldariak landutako afaria preziatu zuten. G7 gailurreko gonbidatuek euskal piperrada, marmitakoa eta Moneingo mertxikak dastatu zituzten. Donald Trump poz pozik itzuli zen etxera Pierre Oteiza Aldudeko txerriki ekoizleak egindako zortzi kiloko urdaiazpikoarekin.

MERKATARIAK HASERRE Hainbat egunez itxita egon ondoren Biarri-tzeko aireportuak eta tren geltoki gehienek ateak zabalduko dituzte gaur. Maider Arostegi Biarritzeko hautetsi kontserbadoreak kalte ordainak eskatuko dizkio Macron presidenteari merkatariek galera handiak jasan dituztelako, %95ekoak zenbait kasutan. Erdiguneko saltzaile askok ateak itxi zituzten bezerorik ez baizuten eta langileak oporretara bidali behar izan zituzten. Biarritzeko alkate eta senatariak uste dute gailurrak onurak ekarriko dituela datozen urteetan. Dena den, arrakasta iristen bada auzokide batzuk beldur dira etxeen prezioak oraindik gehiago emendatuko direla eta gogoratzen dute Biarritzeko zenbait tokitan metro karratu batek zortzi mila euro balio dituela gaur egun.