Aldeztuko dut guztiona den Etxea. Herritarren ordezkaritza, guztion nahiak, asmoak eta itxaropenak barruratzen dituena. Babestuko dut injustiziaren kontra, bere duintasuna azpiratu nahi dutenen aurrean, irmo... nahiz batzuek ez ulertu... eta gutxi batzuk poztu. Aldeztuko dut kalbarioa balekar zein nire ongizatea arriskuan jarri beharko banu ere. Ez nire kontra jardun dutenekin, gorpu bihurtu nendin bilatu dutenekin bat egiten dudalako, euskal herritarren goreneko erakundearen buru izatea egokitu eta bere zeregina eta eskumenak babesteko agindua eman zaizkidalako baizik. Hitza eman nuen eta betetzen saiatu naiz, dezakedan guztietan!
2003. urtean irekitako auzian bidelagun izan ditut Eusko Legebiltzarreko Mahaiko bestelako kideak, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao. Ez dugu, ordea, guk irabazi... zuzenean eragiten bagaitu ere. Beste aldera begiratzea, olatuarekin bat eginda Sozialista Abertzaleak Legebiltzar taldea desegiteko ahaleginarekin bat egitea bagenuen. Samurragoa zatekeen, hala fede! Seguru nago ez zigutela horregatik herra gutxiago izango! Nahiago izan genuen, ordea, arriskuak hartu eta Eusko Legebiltzarraren eskumenak eta autonomia lehenetsi.
Ez da kontu berria! Lehenago ere indarkeriari, basakeriari aurre egitea egokitu zitzaidan eta. Are erosoagoak ziren eginkizunak saihestuz. Nioen: ez nire izenean, ez eta nire Aberria aitzakiatzat hartuta, izan zirenen oroimena lokaztuta! Horregatik, nik eta nire familiak neurririk gabe ordainarazi behar izan dugu. Inork gutxik daki konpromisoak, duintasunak, justiziak... zein-nolako ordainsaria eskatzen duten. Nolanahi ere, aspaldi barruratu nuen poetak iraganean idatziriko hura: Ni hilen naiz, nire arima eta askazia galduko dira, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik!